Gipuzkoa

Urola Garaiko kaleak kolorez beteko dira

Ostegunetik igandera bitartean inauteriak ospatuko dituzte eskualdeko herrietan
Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleak eta irakasleak, iazko inauterietan.
Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleak eta irakasleak, iazko inauterietan. / Asier Zaldua

Actualizado hace 5 minutos

Urola Garaian ere inauteriak ospatuko dituzte, ostegunetik igandera bitartean. Legazpin, Urretxun eta Zumarragan makina bat ekitaldi antolatu dute.

Ostegunean, Legazpiko Doinua musika eskolako ikasleek Ostegun Gizeneko kalejira egingo dute. Kalejira 17.15ean hasiko da eta musikari gazteek mozorrotuta joko dute, noski. Urretxu eta Zumarragari dagokionez, ohitura zaharrari jarraituz, ikastetxeetan txorizo ogitartekoak eta laranjak banatuko dituzte.

Ostiralean makina bat ekitaldi izango da. Legazpin, 16.15ean, ikastetxeek mozorro desfilea egingo dute. Ondoren, 17.00etan, Lintx eta Katamaloen etorrera egingo dute Euskal Herria plazan. Ekitaldia Trapalata txarangak alaituko du. Ostiralean Legazpin egingo diren ekitaldiekin bukatzeko, 19.00etatik 20.30era Alaitasuna errondailak Hegialde auzoan joko du. 1960ko eta 1970ko hamarkadak antzeztuko dituzte.

Urretxu eta Zumarragan ostiralerako antolatutako ekitaldiei dagokienez, bi herri horietako ikastetxeek ere desfilea egingo dute ostiral arratsaldean. Ondoren, 16.30ean, DJ festa egingo dute Zumarragako Zelai Arizti pilotalekuan. Eguraldi txarra egiten badu, festa herriko azokan egingo dute.

Larunbatean ere makina bat ekitaldi izango da. Legazpin, ohitura den legez, Gazte Asanbladaren inauteria ospatuko dute. Aurtengoa marrazki bizidunen ingurukoa izango da. Gazte Asanbladak herritar guztiak parte hartzera animatu ditu.

Urretxun, urteroko moduan, Lurra dantza taldeko kideak herriko baserrietara joango dira. Aurten, Ataungo mozorro txuri dan-tza egingo dute. Lurra dantza taldeko kideak 9.00etan elkartuko dira Iparragirre plazan. Udaletxe aurrean dantza egin ondoren, Etxaburu, Erratzu, Zuloaga, Iturbe Beheko, Beidakar, Zabaleta, Agerre, Mendizabal, Ipeñarrieta eta Santa Barbarara joango dira.

Urretxu eta Zumarragako kaleetan ere hainbat ekitaldi izango dira larunbatean. 12.30ean Jundajo txarangak joko du, 17.00etan Secundino Esnaola musika eskolako dantza ikasleek desfilea egingo dute eta 18.00etan DJ festa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan.

Inauterietako azken ekitaldiak igandean izango dira, Legazpin. Urteroko moduan, Sustraiak dantza taldeak sustatutako herri konpartsak herriko kaleak girotuko ditu. Aurten Gipuzkoako inauteria egingo dute.

Konpartsako kideak 11.00etan elkartuko dira, Laubiden. 12.00etan abiatuko dira. Laubidetik San Inaziora joango da eta ondoren Juanastegi, Bikuña Enea eta Plazaolatik pasako dira.

Bazkalostean, 17.30ean, arratsaldeko saioa egingo dute. Gernika plazan, Kale Zaharrean (Karibe Zaharra tabernaren parean), Kale Nagusian (Karibe Berria eta Gurrutxaga tabernen parean) eta Euskal Herria plazan dantza egingo dute.

19.00etan emango diete amaiera aurtengo inauteriei. Lintxen agurraren ondoren, panpina erreko dute, Euskal Herria plazan.

Etiquetas
2026-02-09T18:51:08+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo