Gipuzkoa

Txalaparta doinuek Jesus Larrañaga omenduko dute Mendipartan

Arrasateko Ttakun taldeak txalaparta eramango du berriro mendira larunbat honetan; aurtengo hitzordua berezia izango da, 2025ean hildako taldeko kidearen omenez
Jesus Larrañaga txalaparta jotzen. / Ttakun Txalaparta taldea.

Arrasateko Ttakun Txalaparta Mendiparta ekimenean murgilduko da aurten ere. Larunbat honetan ospatuko dute festa, eta aurtengo edizioa berezia izango da: 2025ean zendu zen Jesus Larrañaga taldeko kideari omenaldia egingo zaio.

Taldeak 33 urte beteko ditu aurten, eta urteurrenarekin batera, mendira txalaparta eramateko ohiturari eutsiko dio. Oraingoan Aramaioko Danborralde mendira joango dira. Bertan, 12.00etan, Larrañagaren omenezko ekitaldia egingo dute. Txalaparta saio libreak izango dira eta hamarretakoa ere eskainiko dute bertara gerturatzen diren guztientzat. Ekitaldia irekia izango da.

'Txalapartia jo ezazue keia atera arte!'

Omenaldiaren bidez, Ttakuneko kideek Jesusek taldean egindako lana eta urteetan erakutsitako konpromisoa eskertu nahi dituzte. Bere oroimenez txalaparta joko dute, berak maiz esaten zuen leloari jarraituz: ¡Txalapartia jo ezazue keia atera arte'.

Menditik Aramaiora, eta Aramaiotik Arrasatera

Eguna 10.30ean hasiko da, Aramaioko Azkoaga auzoan. Handik abiatuta, mendiko ibilbidea egingo dute Danborralderantz, eta ondoren Aramaion jarraituko du egitarauak, txalaparta poteoarekin.

Eguerdiko ekitaldiaren ostean, bazkaria egingo dute Barajuen auzoan. Arratsaldean, berriz, Mendipartak Arrasatera egingo du itzulera. 18:30etik aurrera, Ttakuneko kideek txalaparta kalez kale joko dute herrian, egunari amaiera musikala emanez.

10/09/2026