Actualizado hace 2 minutos
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2026ko ekitaldian zehar edozein euskarritarako film luze, serie edo miniserie proiektuak garatzeko diru laguntzak emateko deialdia onartu du astearte honetan, eta guztira 650.000 euro banatuko ditu: 325.000 euro film luzeen proiektuak garatzeko eta 325.000 euro serieak eta miniserieak garatzeko.
Jaurlaritzaren arabera, proiektuen garapentzat joko da ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio fasearen beraren aurretik egin behar diren operaziotan zentratua. Proiektuak 2026an eta 2027an zehar egin beharko dira.
Horrela, besteak beste, diruz lagunduko dira obraren egilearen eskubideak eskuratzea, gidoiaren garapena, berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza eta itzulpena, promozio materiala diseinatzea eta lantzea, marketing eta banaketa plana garatzea, merkatu eta koprodukzio foroetara joatea, bidaia gastuak, alojamendua eta akreditazioak, aktoreen hautaketa egitea eta kokapenak bilatzea, ikerketa dokumentala, grafikoa eta artxiboak bilatzea, langile gastua, aholkularitza juridikoa eta fiskala edota gastu orokorrak.
Diru laguntzetara aurkezteko film luzetzat joko da "ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala izan eta 60 minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen dena".
Laguntzen zenbatekoa ez da 20.000 eurotik gorakoa izango fikzio eta dokumentalen kasuan, eta 25.000 eurotik gorakoa euskarazko proiektuenean; animazio proiektuei dagokionez, 35.000 eurokoa izango da diru laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eta 40.000 eurokoa euskarazkoentzat.
SERIEAK
Bestalde, serietzat joko dira "ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira, gutxienez, 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion hiru kapitulurekin gutxienez, eta zinema aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen moduetan ustiatzen direnak".
Orobat, miniserie izango dira "ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez bi kapitulu eta guztira 90 minutuko iraupena dutenak, eta zinema aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu beharrekoak".
Aurkezten diren fikziozko edo dokumentaleko telesail edo miniseriek 30.000 euroko diru laguntza jasoko dute gehienez, eta 35.000 euro euskaraz egindakoek; animaziozko telesail eta miniserien kasuan, gehienezko laguntza 40.000 eurokoa izango da, eta 45.000 eurokoa euskarazko proiektuetan.
Diru laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Iazko deialdiaren bidez (2025), guztira 46 proiektu lagundu ziren diruz (40 film luze eta sei serie).