Bizkaia

Roberto Etxebarria, trikitiaren tradizioa eta berrikuntza

Roberto Etxebarria X. Dantza Tradizionalaren Esker Oneko ekitaldian saritua izango da trikitilari bezala musika tradizionalaren arloan egindako lanagatik
Bere egungo ibilbideak hiru eremutan banatzen du musikariak / Roberto Etxebarria

Euskal musika herrikoia eta trikitiaren mundua ez dira ulertzen belaunaldiz belaunaldi transmititu den atxikimendu pertsonal eta komunitario hori gabe. 1982ko urrian, Maruri-Jatabeko gazte batek soinua aurkitu zuen Rufino Arrolaren eskutik, eta handik gutxira, bere lehen saioa eskaini zuen Gatikako San Markos jaietan. Gazte hura Roberto Etxebarria zen eta aitortu duenez, “inoiz ez zaizu pasatzen burutik zenbaterainoko pisua izango duen daukazun zaletasun horrek”.

Urteen poderioz, zaletasun hura ibilbide musikal, ofizio eta bizitzeko modu bihurtu da, gaur egun 44 urte betetzear baitago. Bide horretan, bost belaunaldirekin bat egiteko aukera paregabea izan du, lehenengoa Rufino Arrolarena, ondoren, Kepa Arrizabalagarena, berea, Miren alabarena eta irakaskuntzako neska-mutilena. “Eta nola ez, guztiz aberasgarria eta liluragarria iruditzen zait. Beno, eta uste dut oraindik bide luzea dagoela... ", dio trikitilariak.

Aipatzekoa da bertatik bertara bizi izan zuela Eskola Zaharreko eta Belaunaldi Berriko trikitilarien arteko trantsizio historiko hura, eta 1987ko Leioako txapelketa mitiko hura oroimenean gordeta geratu zen Maurizia, Rufino edo Basilio Undagoitia bezalako maisuekin agertokia partekatzean, “baina belaunaldi harekin nuen lotura lau urte lehenago hasi zen Iurretako jaien barruan Rufino Arrola eta Kepa Arrizabalagaren babespean 1983ko urriko lehen igandean ospatzen zen “Herri musikarien egunean”. Beraz, ezinbestekoa izan zen ‘Tiliño’ buru zuen Iurretako jai batzordearen ekarpena. “Gerora ezagutu nuen mundu, ikasgai eta altxor paregabea da” aitortzen du musikariak.

Beraz, orduko hartan, musikari nagusien belaunaldiaren eta gazteen artearen arteko etena agerian geratu bazen ere, oroitzapenak “urre gorri bihurtzen dira gaur nire oroimenean. Bestalde, pentsatu nahi nuke haientzat ere poztekoa litzatekeela gazteen arnas berriak sentitzea eta begien aurrean ikustea”.

Era berean, 2002tik Bilboko Musika Eskolan irakasle den aldetik, argi du zein den bere helburua: trikitiaren testuingurua ezagutzea, instrumentuaren erabilera egokia eta zaletasuna bultzatzea, betiere oinarri sendoetatik abiatuta. Eta kritiko agertzen da erreleboaren gaiarekin, hitz horrek gaur egun hartu duen dimentsioari buruz hausnartuz. Bere esanetan, erreleboa modu naturalean sortu behar den zerbait da, “oinarri zintzo eta argi batzuetatik abiatuta geure musika ezagutu eta errespetatu behar dugu, eta nola ez forma berriak edo modernoagoak txertatu, baina beti oinarrietatik pasatuz”.

1992ko argazkia Kepa Arrizabalagarekin. Sorne Ortuondo

Bere egungo ibilbideak hiru eremutan banatzen du: kale giroko saioak, erromeriak eta folk musika herrikoia eta koplak uztartzen dituen kontzertu-proiektu indartsua. “Kaleko giroa, asko maite dudan ekitaldi mota da. Asko behartzen nau, gero eta gehiago. Saioak ez dira laburrak izaten, fisikoki asko eskatzen du, baina horrela lehen urratsak eman nituen eta entzulearekin kontaktua ikaragarria da” dio.

Dantza plaza, erromeria edo bazkal ostekoen ekitaldi gehienetan “hirukote formatuan jotzen dugu, biolin, trikitia eta panderoarekin, errepertorio landuagoa da eta kaleko errepertorioarekin alderatuta soinu aldetik jotzen dugu”. Eta kontzertuetan, taldea sei musikarik osatzen dute, azaltzen digunez “folk/herri musikaren eta koplen arteko proiektu indartsua da, sorkuntza propioko doinuekin”.

Hori guztia gutxi balitz, Miren alabarekin taula gainean jotzea bizitzako oparirik handienetako bat dala dio, “etxe barruko esfortzuak, irakaskuntzak eta transmisioak saria izan dute”.

X. Dantza Tradizionalaren Esker Oneko ekitaldian jasoko duen aitortzaren aurrean, lehenik eta behin harrituta egon zela aitortu du “eta aldi berean nire buruari galderak egin nizkion. Gero, ibilbide/urteen arabera, proposamen honen eskaintzan aurkitzen zara. Eta azkenik, pixkanaka horretan sinesten duzu, eta, nola ez, barnetik onartzen duzu”. Horrez gain, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak hautatua izatearen poza ere sentitu du.

Beraz, Roberto Etxebarriaren ibilbideak erakusten du gure historian trikitiak bezain errotuta dagoen tradizioa, eboluzionatu berritu eta garai berrietara egokitu daitekeela, etorkizunean bizirik iraungo duela bermatuz.

21/09/2026