Gipuzkoa

“Poesiak atsekabea edertu dezakeenez, norberan oroitzapen bilduma askoz ere jasangarriagoa bihurtzen da”

Maite López Las Heras idazle azkoitiarrak Oren hilak poema-bilduma argitaratu berri du, denborak, oroitzapenak eta ahanzturak protagonismo berezia duten lana
Maite Lopez Las Herasek Oren hilak poema-liburua aurkeztu berri du. / Aitor Zabala

Denbora, oroimena eta bizitza bere osotasunean ardatz hartuta, Maite Lopez Las Heras idazle azkoitiarrak bere lehen poema-liburua aurkeztu du: Oren hilak.Orein hilak liburuaren edukira hurbilduko gaitu elkarrizketa honetan Las Herasek, lana idaztera bultzatu zuten arrazoiak azalduz eta pasarte desberdinen sorkuntza-prozesuari nola egin zion aurre erakutsiz.

Sorkuntzaren prozesua

Oren hilak euskaraz sortutako zure lehen poesia-liburua da. Zerk bultzatu zintuen poema hauek liburu batean biltzera?

Balea Zuriarekin argitaratu berri dudan poema-bilduma ez da euskaraz sortu dudan lehen poemarioa, baina bai poesia-arloan argitaratu dudan lehena. Aurretik, 2018an, gaztelaniazko poema-liburu bat argitaratu nuen, Pienso, luego escribo, Círculo Rojorekin. Lan horrek epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Literatura Sarien 46. edizioan, 2025ean, poesia-modalitatean, olerkien indar poetikoagatik. Liburu hau nire zortzigarren argitalpena ere bada. Besteak beste, Safo eta beste poeta greko-latindar batzuen poemak (Balea Zuria), Egeriaren Ibilbidea (Testu Zaharrak) eta Giorgos Seferis Nobel saridun greziarraren olerkiak (Susa) euskaratu ditut. Aurten, gainera, Zirtak su (Alberdania) eleberria argitaratu dut, euskarazko trilogia historikoaren lehen liburukia.

Poemak banaka sortu ziren eta, ondoren, haien arteko lotura aurkitu zenuen, ala hasieratik zenuen ideia orokor bat?

Poema-liburu hau, aurreko guztiak bezala, bihozkada batetik sortu zen. Izenburutik jaio zela esango nuke. Ideia bera barne-bulkada bat izan zen, eta haren ondorioz sortu ziren poemak, banan-banan. Oso poema landuak dira, eta liburua lehenengoa ez izateak heldutasunaren abantaila ematen dit. Urteetako irakurketek heldutasun literario handia eman diete. Poema bakoitzak lanketa handia dauka: ez dira boteprontoko burutazio soilak, edertasuna helburu duen artelana sortzeko ahalegin nekaezina baizik.

Bizipenak berreskuratzeko tresna

Esan duzu poesiak atzera egiten duela behin eta berriz, galdutako denbora eta bizipenak berreskuratu nahian.

Ezinezkoa da denboraren joanari aurre egitea, eta poesiak ez du miraririk egiten. Denbora, gure ahalmenen gainetik dago. Berak agintzen digu, guk tolestu nahi arren. Denbora galdu ohi dugu, baina ez dakigu denbora sortzen. Agian azken horretan gehiago ahalegindu beharko genuke. Proust gogora ekarriz, denbora galduaren bila ibiltzeko, gaitasun bakarra oroimena da. Eta oroitzea erabakia da, ahaztea bezainbat. Poesia idaztea, hein batean, gogora ekartzea da. Orena eta oroimena elkarrengandik oso hurbil daude, ordua eta akordua bezalaxe. Denbora neurgailua besterik ez da. Poesiaren bitartez atzera jo ohi dugu, iraganera.

Entzun izan dizut errazagoa egiten zaizula poema tristurapean edo zorigaitz baten pean zaudenean. Zergatik eskaintzen du minak poesiagintzarako aukera gehiago?

Liburu honetan ageri diren gaiak unibertsalak dira, poesiaren tradizio osoan bezalaxe. Borgesek zioenez, poesia minetik jaiotzen da. “Gizakia tragediagileek asmatu zutelakoan nago”, diot nik poema batean. Desira, bizitza, bakardadea, denbora. Patua. Erabakimena. Askatasunaren mugak dira lan honetako gai batzuk. Zorionak ez du berorretaz gozatzea besterik eskatzen. Pozik gaudenean, alaitasun iragankorra zukutu nahi izaten dugu. Poesiak atsekabea eder dezakeenez, norberaren oroitzapen bilduma askoz ere jasangarriagoa bihurtzen da.

Esperantza aldarrikatuz

Poema hauek idazteak zure sentimenduak antolatzen, zauriak ixten edo bizipenekin bakeak egiten lagundu dizu? Edo, alderantziz, idazketak bazterrean utzi nahi zenituen minei berriro aurre egitera behartu zaitu?

Liburuak maitasunaren mina, zauriak eta urruntzea ditu abiapuntu. Itzulera, alegia. Itzulerak ez dira beti desiragarriak. Askotan hobe da maite dugun horri ez galdetzea gu itzultzerik nahi duen. Nostalgia aipa-tzen da behin baino gehiagotan, zentzu etimologikoan, hau da, itzuleraren mina. Axularren aipu batek irekitzen du poemarioa: “Denbora baita gauzarik preziatuena”. Eta honela jarraitzen du aipuak, nik jaso ez dudan arren: “eta, galduz gero, sekulan berreskura ezin daitekeena”. Axularren aipamenak zuzenean garamatza Horazioren carpe diem latindar esamoldera, denbora probesteko aldarrikapenera, hain zuzen. Esperantza aldarrikatzea izan da bilduma honekin lortu nahi izan dudana. Beste ezeren gainetik, Oren hilak dantzatzen jarraitzeko gonbidapena da, nahiz eta ez jakin amaieraren ondoren amaierarik ba ote dagoen, eta jakin badakigun bals honek amaiera duela.

Etxea aipatzen duzu beti itzuli nahi dugun leku gisa, nahiz eta itzultzea beti desiragarria ez izan. Benetan itzul al gaitezke leku batera, harreman batera edo gure bizitzako garai batera?

Etxea, niretzat, tokia izan daiteke, baina baita pertsona jakin bat ere, babesleku zaigun norbait edo zerbait. Fisikoa izan daiteke, edo irudimenaren bidez egindako atzera-bidaia bat. Arrastoa utzi digun bizipen batera itzultzeko gogoak jotzen gaitu askotan, nahiz eta itzulera mingarria izan edo desiragarria ez izan. Bueltatzea bera baino askoz zirraragarriagoa da, nire ustez, itzulbidea. Horretarako, poesia tresna edo garraiobide aproposa izan daiteke. Nonbaitera itzultzeko baliabiderik zuzenena oroimena da, edo oroimina, Pessoaren saudade sonatua. Literaturaren tradizioan asko landu den gaia da. Noizbait zoriontsu izan ginen leku edo pertsona batengana itzuli nahi izatea oso sentimendu gizatiarra da, baina arriskutsua aldi berean.

Bizitzaren mugak

Nola uztartzen dituzu zure poesian bizitza mugatua dela jakitea eta aurrera jarraitzeko beharra?

Bakoitzak izan ditzakeen sinesmenez haratago, bizitzak bi etapa nagusi ditu: hasiera eta amaiera, jaiotza eta heriotza. Bitartean egiten dugunak baldintzatzen du bizitza eta eratzen ditu oroitzapenak. Aurrera egitea bizirauteko modu bat besterik ez da, fisikoki ezin baitugu atzera egin, poesiaren bitartez salbu. Bizitza atzerako kontaketa gisa uler dezakegu. Bizitzen jarraitzeko infernua ezagutu beharra dagoela ere esango nuke: “Agonia irentsi behar da, bizipoza okaztatzeko”. Poemario hau bakarrizketa edo kanta luze bat da. Gogoetarako, bakarrizketa da bide bakarra. Denbora gelditzea eta bakoitza bere baitan biltzea ezinbestekoa da nondik gatozen, non gauden eta nora joan nahi dugun hausnartzeko.

Ernestina de Champourcín euskarazko poesia-lehiaketa irabazi zenuen. Epaimahaiak adierazi zuen euskal literatura-tradizioan ohikoak ez diren irudiak erabiltzen dituzula eta zure hausnarketek irtenbide errazak saihestera eramaten zaituztela. Ez dirudi irakurlearengana iristeko bide errazena denik.

Irakurleek poesiaz gozatzea nahiko nuke nire liburuarekin, batez ere, halakorik balego. Lorpen handia litzateke niretzat poema hauen vis poetica balioetsiko balute. XIX. mendeko ars gratia artis pentsamoldea nabarmentzea nahiko nuke. Poeta eta idazle gisa, nire helburuetako bat idazmolde propioa lortzea da, eta Oren hilak liburuak berezko begirada eta estiloa ditu, neureak, nire irakurketa eta bizipenekin eraikitakoak urteetan zehar.

13/11/2026