Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak Musu bete urte proiektu berria aurkeztuko du ostiralean, urriaren 30ean, Lasarte-Orian. Hitzordua 18.30ean izango da, Antonio Mercero aretoan, eta bertan izango dira Leire Bilbao idazlea eta sudurgorriak, izen bereko ipuina eta ikuskizuna aurkezteko. Proiektuak naturaren zikloak eta euskal kulturako ohiturak izango ditu ardatz, umorea, musika, dantza eta jolasa baliatuta.
Abentura berriaren lehen urratsa Leire Bilbaok idatzitako eta Maite Mutuberriak ilustratutako ipuina da. Musuen unibertsoa du abiapuntu, eta jakin-mina pizteko galderak planteatzen ditu: zer abiadura dute musuek? Zer zapore du marigorringo baten musuak? Musuak lapurtu daitezke? Eta nora doaz airean geratzen direnak?
Bilbaok denboraren pertzepzioari buruzko gogoeta ere proposatzen du. Erlojuak markatutako ordu eta minutuez harago, bizipen eta esperientziek ere neurtzen dute denbora, idazlearen arabera. Bidaia luze bateko paisaiak, itsasoan igarotako uneak edo ametsetan emandako denborak dira horren adibide. Maite ditugun pertsonen artean, gainera, denbora gozoago igarotzen dela nabarmendu du. Ideia horretatik abiatuta, urteko lau urtaroak eta bizitza musuz betetzeko gonbita egiten du ipuinak.
Urtaroak, natura eta euskal ohiturak agertokian
Ipuinarekin batera, pailazo taldeak Musu bete urte ikuskizuna estreinatuko du azaroaren 20an, Eskoriatzan. Ondoren, herriz herri zabalduko dute emanaldia, haurrei, familiei eta pailazoen jarraitzaileei zuzenduta. Ikuskizunen agenda eguneratua Katxiporreta webgunean kontsultatu ahal izango da.
Proiektu berriak 2018an sortutako Musua ikuskizunaren eta diskoaren hariari helduko dio. Oraingoan, naturaren eta kulturaren arteko harremana izango da ardatz. Egileen arabera, euskal kulturak lotura estua izan du naturarekin, eta urteko zikloek eragina izan dute bizimoduan, ospakizunetan eta ohituretan. Inauteriak, Santa Ageda eta udako solstizioa dira, besteak beste, belaunaldiz belaunaldi transmititutako adibideetako batzuk.
Azken urteotan, ordea, naturarekiko harremana aldatu egin dela uste dute proiektuaren sustatzaileek, eta horrek ohituretan ere eragina izan duela. Musu bete urte proposamenak tradizio horiek gaur egungo begiradatik berreskuratu, biziberritu eta ospatzeko gonbita egiten du. Urtaro bakoitzak bere musua izango du, eta pertsonaiek urte osoan zehar egingo dute bidaia, naturarekin eta euskal kulturarekin batera.
Musika, antzerkia eta tradizioa uztartuko ditu ikuskizunak, Marigorringo pertsonaiaren laguntzarekin. Helburua munduak biraka jarraitzea da, kantuan eta dantzan, eta haurrei zein helduei naturaren zikloei eta kultur ondareari buruzko esperientzia ludikoa eskaintzea.
Katxiporreta Kooperatibaren ekoizpena
Katxiporreta Kooperatiba arduratu da ikuskizunaren gidoiaz eta produkzio artistikoaz. Izaskun Forcadak sortu ditu koreografiak, eta Garikoitz Aranzabal arduratuko da soinuaz eta bestelako efektuez.
Agertokian, Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Marigorringo pertsonaiak izango dira. Joxemari Agirretxe Kerexetak gorpuztuko du Porrotx; Mertxe Rodriguez Serrano arituko da Marimototsen rolean; Izaskun Forcada Pascualek egingo du Pupurena; Joanes Echeveste Bernetek, Lorena; eta Oihana Sanchez Artiedak, Marigorringoarena.
Proiektuak, beraz, ipuina eta zuzeneko ikuskizuna uztartuko ditu, musuak, naturaren zikloak eta euskal ohiturak belaunaldi berriei gerturatzeko. "Zer zapore du marigorringo baten musuak? Konta daiteke urte oso bat musutan? Zatoz pailazookin eta jakingo duzu!", dio ikuskizunaren sinopsiak.