Actualizado hace 7 minutos
Urteroko moduan, Urretxuko Udalak arte eskaintza zabala prestatu du. Aitor Etxeberriak marrazketa eta pintura ikastaroa eskainiko du, Josu Marotok giza irudi eta akuarela saioak koordinatuko ditu eta Juan de Lizarazu aretoan sei erakusketa egingo dituzte.
Etxeberriaren marrazketa eta pintura ikastaroari dagokionez, saioak asteazkenetan dira: 18.30etik 20.30era, Aizpurunea kultur etxeko arte tailerrean (goiko solairuan). Ikastaro hori maila guztietarako egokia da, bakoitzak bere erritmoa jarraitzen baitu eta ez baita ezer zehatzik eskatzen. Ikasle bakoitzak erabakitzen du zer landu eta garatu nahi duen, beti ere Etxeberriarekin batera. Ikasleek irakaslea beti alboan dute, aholkuak ematen, laguntzen eta teknikak irakasten.
Marrazketa eta pintura ikastaroa urtarrilean hasi da eta hileko kuota 17 eurokoa da. Interesa dutenek Aizpurunea kultur etxera hurbildu eta saio batean proba egin dezakete.
Marotok koordinatzen dituen tailerrei dagokienez, giza irudiari buruzko zazpi saio eta lau akuarela master-class egingo dituzte. Giza irudi saioak otsailaren 4an, martxoaren 4an, apirilaren 15ean, irailaren 9an, urriaren 7an, azaroaren 4an eta abenduaren 9an izango dira. Zuriñe Ormaetxea modeloarekin egingo dituzte. Gainera, maiatzaren 9an, 10.00etatik 18.00etara, giza irudi marrazketa maratoia egingo dute.
Akuarela master-classei dagokienez, martxoaren 13an, maiatzaren 15ean, irailaren 11n eta azaroaren 13an izango dira. Lehen bi saioak Mendo margolariak gidatuko ditu, hirugarrena Kubik eta azkena Marotok. Gainera, ekainaren 6an aire zabaleko pintura saioa egingo dute Mendorekin. 9.00etatik 14.00etara izango da. Akuarela saio bakoitzak 10,60 euroko prezioa du, baina hiru saiotan izena ematen dutenek %25eko deskontua izango dute.
Urretxuko margolariak 2015ean jarri zituen abian ikastaro horiek. Ez dute Urretxuko marrazketa eta pintura eskolako ikasleek bakarrik parte hartzen. Zaleek saio horiek estimu handian dituzte eta beste herri batzuetako jendea ere etortzen da giza irudi eta akuarela ikastaroetan parte hartzera.
Akuarela eta giza irudi saioetan parte hartzeko, Urretxuko kultur etxean eman behar da izena. Bertako telefono zenbakia 943 03 80 88 da.
Urretxuko Udalak sei erakusketa ere antolatu ditu. Guztiak Juan de Lizarazu aretoan izango dira. Martxoaren 6tik 22ra Urretxuko Harizpi elkarteak zaharberritutako altzariak ikusi ahal izango dira. Altzariak Edurne Uribesalgok emandako ikastaroan zaharberritu dituzte.
Apirilaren 17tik maiatzaren 3ra, berriz, Urretxuko eta Zumarragako Argazkia elkarteko kideek ateratako argazkiak ikusi ahal izango dira. Erakusketaren izenburua Begirada iraganera da, zuri-beltzeko 40 argazki erakutsiko baitituzte.
Maiatzaren 15etik 31ra June eta JM Mendez bilbotarrek argazkilaritza eta pintura uztartuko dituzte Utzi zure begiak erakusketan. Ekainaren 12tik 28ra beste bilbotar baten lanak ikusi ahal izango dira. Ianire Sagastik pintura eta poesia uztartuko ditu, egungo munduari buruz hausnartzeko.
Urriaren 16tik azaroaren 1era Marotoren txanda izango da. Gouache teknika erabiliz egindako lanak erakutsiko ditu. Bukatzeko, azaroaren 20tik abenduaren 6ra Maddi Iraeta zumarragarraren lanak ikusi ahal izango dira. Bilbon egindako pintura eta marrazkiak erakutsiko ditu Berak badaki erakusketan.