Araba

Patineteentzako aparkaleku seguruak jarriko ditu Gasteizko Udalak VGbiziz sarean

Kanpokale Berrian, egungoekin alderatuta 15-20 plaza gehiago izango dira
Patineteentzako aparkaleku seguruak jarriko ditu Gasteizko Udalak VGbiziz sarean. / Utzitakoa

Gasteizko Udalak patineteak segurtasunez aparkatzeko espazio espezifikoak gehituko dizkio VGbiziz sareari, eta Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak 15.125 euroko lizitazioa aterako du Autobus Geltokian eta Memorialean aparkaleku berriok hornitzeko eta jartzeko. Instalazio bakoitzak gutxienez 15 patinetentzako tokia izango du, seinaleztapen espezifikoarekin bizikletentzako espazioetatik bereizteko.

Gasteizko Udaletik adierazi dutenez, hiri mugikortasunean gero eta presentzia handiagoa duen errealitateari erantzungo dio jarduketak, azken urteotan patinetea eguneroko joan-etorriak egiteko beste garraiobide bat bihurtu baita hirian, batez ere ibilbide laburretan, eta, horrekin batera, patineteak leku egoki eta seguruetan aparkatzeko beharra ere areagotu egin da.

Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziaren hitzetan, "patineteak pertsona askoren eguneroko mugikortasunaren parte dira dagoeneko eta gure zerbitzuak ere errealitate horretara egokitzen joan behar dugu. Erabiltzaileek beraiek adierazi digute leku espezifikoak eta seguruak behar direla horiek uzteko, eta jarduketa honekin, eskaera horri lehen erantzuna emango diogu".

Patineteak gordetzeko espazio berriekin batera, bizikletentzako edukiera handituko da VGbiziz sarean, 72.587 euroko inbertsioarekin, eta Gasteizko Udalak aparkaleku sistema berriak jarriko ditu Autobus Geltokian, Kanpokale Berrian eta Santa Barbaran, guztira 138 plazarekin.

Kanpokale Berrian, egungoekin alderatuta 15-20 plaza gehiago izango dira, eta Santa Barbaran, beste 20 inguru; Autobus Geltokian, ehun plaza berri inguruk patineteetarako erabiliko den espazioa konpentsatzeko aukera emango dute.

Horrela, patineteentzako berariazko eta seguruak diren guneak txertatzea ez ezik, bizikletentzako egungo edukiera ere mantentzea ahalbidetuko du sarearen berrantolaketak. "Espazio horiek hobeto antolatu nahi ditugu, eta ibilgailu mota bakoitzari irtenbide egokia eskaini. Bizikletak eta patineteak ohiko alternatibak dira gaur egun Gasteizen mugitzeko, eta gure helburua da gero eta azpiegitura osoago, erosoago eta seguruagoak eskaintzea", gaineratu du Artolazabalek.

09/09/2026