Debako Kultur Elkartearen Bazkide Eguna Ostolaza Sarien banaketaren lekuko izan zen joan zen larunbatean.
Jose Manuel Ostolazaren omenez sortutako sarien bidez, herriko kultur jarduera aberasten duten pertsona eta erakundeen lana aitortu eta eskertu zuten.
Ekitaldiaren hasiera
Ekitaldiari hasiera emateko, Jose Manuel Ostolazaren bizitzaren eta ibilbidearen errepaso laburra egin zen.
Ondoren, Debako Kultur Elkarteko zuzendaritzako kideek hartu zuten hitza, eta bertaratutakoen aurrean ohorezko aurreskua dantzatu eta lore-sorta eskaini zioten haren omenez.
Willy Berasazulerentzat izan da Sortzaileak Saria.
Sortzaileak Saria
Aurtengo Sortzaileak Saria Willy Berasaluze artistak jaso zuen.
Kultur Elkartekoen esanetan, eskulturan, collagean eta argazkilaritzan egindako lanari esker, bere aztarna utzi du Debako hainbat txokotan.
Bere lanetako batzuk herriko paisaiaren parte eta ikur bihurtu dira.
Antolatzaileek nabarmendu zutenez, aitortzak esanahi berezia zuen, Ostolaza Sarien eskulturak sortu dituen artista baita Willy Berasaluze.
Horrela, bere eskuek egindako ikurra aitortza bihurtuta itzuli zioten.
Aitzuri Abesbatzak Dinamika Saria jaso du
Dinamikak Saria
Dinamikak Saria, berriz, Aitzuri Abesbatzarentzat izan zen. 1994an kanturako zaletasuna partekatzen zuten hainbat herritarrek sortu zuten taldea, eta ordutik ehunka ahotsek hartu dute parte bertan.
Talde-lana, etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza izan dira euren ezaugarrietako batzuk, eta musikaren bidez herritarrak elkartzeko eta hunkitzeko gaitasuna erakutsi dute urte hauetan guztietan.
Euskararen alde egindako lanean oinarritu da Zuhatzari emandako saria.
Ezinbestekoak Saria
Ezinbestekoak Saria Zuhatza Euskara Elkarteak jaso zuen. 1997az geroztik Deba euskaldunago baten alde lanean aritu da etenik gabe, eta euskararen erabilera sustatzeko ezinbesteko eragilea izan da herrian.
ere ibilbidean zehar hainbat ekimen bultzatu ditu, besteak beste, Berriketan herri aldizkaria, Euskal Jaia, Kolore Anitz, Olentzero eta Maridomingiren etorrera, Euskeraz Bagera kultur jardunaldiak, Mintzalagunak eta Barrena hedabidea.
Nerea Loiolarentzat izan da aurtengo Hazia Saria.
Hazia Saria
Hazia Saria Nerea Loiola idazleari eman zioten. Ingeniaritzatik literaturara egin zuen jauzia, eta denbora gutxian euskal literaturan leku nabarmena lortu du.
Haur eta gazte literaturan ez ezik, helduentzako literaturan, itzulpengintzan, iritzi-artikuluetan eta literatur tailerren gidaritzan ere aritzen da. Bere ibilbideak etorkizun oparoa ez ezik, orainaldi sendoa ere baduela erakusten du.
Sari Berezia
Azkenik, Sari Berezia Skabidean musika taldeak jaso zuen. 2012az geroztik ska, reggae eta rocksteady erritmoen bidez konpromiso soziala eta euskal kultura zabaltzen dihardute.
Euskal Herriko hamaika txokotan jo badute ere, Debak leku berezia du taldearentzat, eta hori behin baino gehiagotan adierazi dute.
Horren erakusgarri da estudioko seigarren lanari Herri Kuttuna izena eman izana.
Gainera, azken diskoan Jose Manuel Ostolazaren omenez sortutako kanta bat ere argitaratu dute.
Sari-banaketa ekitaldian hainbat kultur sortzaileren emanaldi laburrak ere izan ziren.
Parte-hartzaileen artean aritu ziren Gure Kai dantza taldea, Josu Salegi eta Miguel Laguna musikariak, Aitzuri Abesbatza, Skabidean taldea, Iturrian Korua eta Rafael Bravo idazlea.