Gipuzkoa

Orioko Zaragueta Herri Eskolak 'Oroimenaren Kutxa' osatuko du D ereduko mende erdia ospatzeko

Ikastetxeak testigantzak, argazkiak eta pasadizoak biltzeko deialdia egin die ikasle ohi, irakasle, familia eta herritarrei
Orioko Zaragueta Herri Eskolako ikasgela bat. / Zaragueta

Orioko Zaragueta Herri Eskolak ospakizun berezi bat biziko du 2026-2027ko ikasturtean. Izan ere, 50 urte beteko dira ikastetxean D eredurako bidea urratzen hasi zirenetik.

Bost hamarkadatan Orioko haur eta gazteen belaunaldi ugari hezi izan dira Zaraguetan. Euskara ikasteko balio izan du, baina baita ere, bizitzeko, harremanak egiteko eta herriarekin loturak ehuntzeko hizkuntza nagusi bilakatuta.

Parte izan diren pertsona guztien memoria

Orain, mende erdiaren urteurrenaren harira, eskolak bere historiaren parte izan diren pertsona guztien memoria berreskuratu nahian dabil. Horregatarako, Oroimenaren Kutxa izeneko egitasmoa jarri du martxan. Bertan, ikasle ohien, irakasleen, langileen, familien eta orokorrean oriotarren testigantzak, irudiak eta oroitzapenak bildu nahi ditu.

Atzera begira honetan parte hartzeko, eskolak herritarrei galdetu die zein oroitzapen gordetzen duten Zaraguetaz: eskolako lehen eguna, gelako istorioren bat, irakasle baten gogoeta edota txango bateko irudiak. Ekarpen guztiak Zaragueta Oroimenaren Kutxa adierazita bidal daitezke 688 827 871 Whatsapp Zenbakira. Mezuan, bidaltzailearen izen-abizenak eta eskolarekin izandako lotura zehaztu behar da.

Bizipenak bildu

Jasotako testigantza eta irudi guztiekin oriotarren memoria kolektiboa osatuko da. Azken bost hamarkada hauetako bizipenak bildu eta etorkizuneko belaunaldiei helarazteko aukera izango baita.

Orioko Zaragueta Herri Eskolakoak San Joan egun bezperan. Zaragueta

Zaragueta 1972an sortu zen, Orion eskola berria eraiki zenean. Hasierako irakaskuntza gaztenaniazkoa zen arren, ikastetxeak (Gipuzkoako beste bost zentrorekin batera) euskara irakaskuntzan txertatzeko esperientzia aitzindaria abiatu zuen gurasuen eta hezkuntza-komunitatearen bultzadari esker. Hasieran, euskara ikasgai gisa ematen hasi ziren, ondoren B eta D ereduak ezarri ziren Haur Hezkuntzan. Pixkanaka-pixkanaka, Zaragueta D ereduko ikastetxe bilakatu zen.

Bideak bizirik jarraitzen du

Ibilbide horrek berrikuntza pedagogikoa, familien parte-hartze aktiboa eta eskolaren eta herriaren arteko harremana sendotzea ekarri zituen. Bost hamarkada geroago, orduan irekitako bideak bizirik jarraitzen du, euskara izanik eguneroko bizitzako eta ikasketetako ardatz nagusia.

08/10/2026