Gipuzkoa

Oñatiko ‘zerua’, hitzetan gordetako ondarea

Kepa Dieguezek eta Roberto Altunak ‘Oñatiko gida meteorologiko eta astronomikoa’ izenburuko liburua argitaratu dute, 350 hitz eta esamolde inguru bilduz, herri-hizkeraren altxorra eta arbasoen jakinduria bizirik mantentzeko
Roberto Altuna eta Kepa Dieguez, ‘Oñatiko gida meteorologikoa eta astronomikoa’ liburuaren aurkezpenean, ostiralean. / Anabel Dominguez.

Oñatin, 'ostargixa' etortzen denean, “argixa zabalketan edo eguna argiketan hasten da”. Hodeien artean agertzen den zeruaren hondo urdina da 'ostondua'; “ostondo dana lañaatu” esamoldeak, berriz, zeru-hondo hori hodeiz estaltzen dela adierazten du. Ekaitza datorrenean, “oreixa sartu dau” edo “oreixa jo dau” esaten dute. Tximista motak izendatzeko hitz ezberdinak daude: 'oiñastarri', lurra jotzen duena; 'oiñaztargi' eta 'oiñastu', tximistaren argi-distira; eta 'oiñazkar', tximista.

Hitz horiek ez dira hiztegi bateko bitxikeria hutsak. Oñatiko belaunaldiek inguruan ikusi, entzun eta bizitakoa izendatzeko garatu duten jakintzaren erakusgarri dira. Izan ere, eguraldia iragartzeko sakelako telefonorik eta satelite bidezko irudirik ez zegoen garaian, naturaren behaketa zen eguneroko bizimoduaren gidari. Hodeien itxurak, haizearen norabideak, zeruaren koloreak eta animalien portaerak informazio baliotsua ematen zuten, eta ezagutza hori guztia hizkeran islatu da.

'Oñatiko gida meteorologikoa eta astronomikoa liburua'. A.D.

350 hitz eta esamolde

Ondare horri begirada jarri diote Kepa Dieguez Barahonak (Bilbo, 1960) eta Roberto Altuna Erlek (Oñati, 1959), 'Oñatiko gida meteorologikoa eta astronomikoa' osatzeko. 350 hitz eta esamolde inguru biltzen dituen lanak tokiko hizkeraren aberastasuna dokumentatu eta ezagutaraztea du xede, herriko hiztunek belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza gal ez dadin.

Egitasmoaren abiapuntua Diegezek 2021ean egindako doktorego-tesia izan zen: 'Euskal lexiko etnometeorologikoaren azterketa'. Ikerketa hartan Oñatiko lexikoa bereziki aberatsa zela ohartu zen, eta herriz herriko gida meteorologikoak egiteko ideia sortu zitzaion. Oñati aukeratu zuen abiapuntu bezala. Lehen zirriborroa oñatiar batzuei bidali zien proposamenaren inguruko iritzia jasotzeko. Edukia baloratu eta egitasmoak oinarri sendoa zuela ikusita, aurrera egitea erabaki zuten. Hala aipatu du Altunak: “Aztertu genuen eta mamia bazuela ikusirik, baiezkoa eman genion”. Hori aurtengo urtarrilaren hasieran izan zen.

Gidaren asmoa ez da hitz-bilduma bat osatzea soilik. “Lan honetan antropologia, etnografia, hizkuntzalaritza eta meteorologia zientziak erabili dira, oñatiarren adimenaren begiak ikusten duten errealitatea, bere erara linguistikoki moldatua izan dena, jaso, eta egoki antolatuta azaltzeko. Tokiko berbak erabiliz, gertaera unibertsalak azaldu dira. Eta gida denez gero, asmo didaktikoa du, hots, arlo honi dagokion Oñatiko altxor linguistikoak plazaratzea eta irakastea da liburu honen helburu nagusia”, dio Altunak.

Aberastasun linguistiko hori naturarekin izandako harreman estuaren emaitza da. Jakintza hura bizirik irauteko estrategia zen, naturarekiko elkarrizketa etengabea. Oñati haran barrenean kokatuta dago, Aizkorri, Aloña, Orkatzategi, Bakue, Landarraitz, Arranoaitz eta Korostiaga mendiez inguratuta. “Geografia eta mikroklima berezi horrek hizkuntza-altxor harrigarria sortu du mendeetan zehar”, azpimarratzen dute egileek.

Lehen udalerria

Munduan badira eskualde mailako hiztegiak eta herrialde osoko eguraldi-gidak, Eskoziako 'Highlands-ekoak' edo Alpeetakoak, kasu. Alabaina, “inoiz ez da halako zehaztasun zientifiko, linguistiko eta etnografikorik erabili 11.000 biztanle inguruko herri bakar baten ondare meteorologikoa eta astronomikoa aztertzeko”.

Liburu horretan, fenomeno atmosferikoak izendatzeko erabiltzen den zehaztasuna nabarmentzen da. Euriarri lotutako 15 ñabardura eta elurra izendatzeko 40 hitz baino gehiago jasotzen ditu, baita haizearen jatorria zehazteko tokiko izendapenak ere. Oñatiarrek, esaterako, haizea nondik datorren bereizten dute: Askazubi baserritik datorrenean, 'Askazubiko haizea' esaten dute; Gorbeiatik datorren lainoari, aldiz, 'Amillana-lainoa'. Euri xehea adierazteko ere hainbat hitz erabiltzen dituzte: langar, lanbroska, eulauso, euri-lauso, azaleuri eta ziri-ziri, besteak beste. Ñabardura horiek guztiek ingurunea arretaz behatzeko eta fenomeno atmosferikoak zehaztasunez izendatzeko ohitura erakusten dute.

Liburuak 224 orrialde ditu, 110 argazkiz, 12 gertakizunez eta hiru marrazkiz osatuta. A.D.

Sei eremu nagusitan

Liburuak 224 orrialde ditu, 110 argazkiz, 12 gertakizunez eta hiru marrazkiz osatuta. Edukia sei eremu nagusitan antolatuta dago: eguraldiaren kontzeptu orokorrak; ortziko gorputzak eta zeruaren itxura; hozberoa eta sentsazio termikoak; haizeak, hodeiak, lainuak eta gandua; euria, elurra eta txingorra; eta, azkenik, egutegia, denboraren antolaketa eta atsotitzak.

Atal horietan, fenomeno atmosferikoen azalpenak herri-hizkeran eta lekukotasun historikoekin uztartzen dira. 1956ko izozte ikaragarria, 1983ko uholdeak, eta 1888, 1956 eta 1985eko elurteak, adibidez, herriaren memoria meteorologikoaren parte dira. Joxe Erbin bezalako aro-behatzaileen eguneroko oharrak ere jaso dituzte, baita Manu Arregi Biziola fisikari eta astronomo oñatiarraren oroimenezko lekukotasuna ere. Halaber, hilabeteen antzinako izenak berreskuratu dituzte: Ilbaltz (urtarrila), Otzail (otsaila) eta Garagarril (uztaila). Amaieran, bildutako hitz eta esamolde guztiak kontsultatzeko hiztegi alfabetikoa eskaintzen du liburuak.

Altunaren hitzetan, gidaren balio nagusietako bat “gure artean bizirik dagoen altxor linguistiko paregabea hobeto ezagutzeko eta transmititzen jarraitzeko lanabes on bat” eskaintzea da. Horrez gain, herri bezala “geure nortasuna zaindu eta autoestimua garatzeko baliabide eder bat eskuetan izatea suposatzen du”, gaineratzen du.

Artixa Taldeak argitaratutako 'Oñatiko gida meteorologikoa eta astronomikoa' herriko hainbat saltokitan egongo da salgai: Txokolateixian, Altuna estankoan, Haritza liburu-dendan eta Arantzazuko opari-dendan. Durangoko Azokan ere eskuratu ahal izango da, Badihardugu Elkartearen standean.

'Ostargixa' noiz datorren, 'ostraixa' noiz agertzen den edo ekaitza nola iragartzen den adierazten duten hitzek Oñatiko hizkuntza-aberastasunaren berri ematen dute. Hitz horiek guztiek erakusten dute eguraldia ez dela soilik zerutik datorren fenomenoa: herri batek ingurua behatzeko, ulertzeko eta izendatzeko duen moduaren parte ere bada. Horixe da, azken batean, lan honek jaso nahi duen ondarea: Oñatiko komunitateak bere ingurunearekin izan duen eta duen harreman sakonaren lekukotza bizia, ahanzturaren lozorroan eror ez dadin, belaunaldiz belaunaldi transmititu beharrekoa.