Oinez Ibiltzen diren Espainiako Hirien Sarearen XIII. Bilkura egingo da Gasteizen ostegunetik larunbatera, urriaren 22tik 24ra, eta, 'Berdez ibili' lelopean, hiriak eraldatzeko eta kaleak herritarrentzat berreskuratzeko lan egiten duten udal aditu eta arduradunak bilduko ditu. Protagonista nagusietako bat Guillermo Peñalosa nazioarteko hirigilea izango da, 8-80 Cities enpresaren sortzailea eta mundu osoko 350 hiri baino gehiagoren aholkularia.
Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak aurkeztu du topaketa astearte honetan, Ana Montalban sareko zuzendari teknikoarekin eta Peñalosarekin berarekin batera.
Fernandez de Landak nabarmendu du Gasteizek "hamarkadak" daramatzala "kaleak pertsonentzat berreskuratzeko apustua egiten". "Aurten, mende erdia beteko da erdigunea lehen aldiz oinezkoentzat bihurtzen hasi ginenetik, eta eraldaketa horrek hiria bizitzeko dugun modua aldatu du. Bide luzea egin dugu, baina oraindik erronka garrantzitsuak ditugu aurrean. Kongresu hau aukera bikaina da gure esperientzia partekatzeko, beste hiri batzuetatik ikasteko eta gure auzoak hobetzen jarraitzeko", esan du.
Topaketak egungo hirien erronka nagusietako batzuk jorratuko ditu, besteak beste, haurren segurtasuna eta autonomia hobetzea eskola inguruneetan, trafikoaren protagonismoa murriztea, kaleetan natura gehiago sartzea eta bizikidetzarako espazioak berreskuratzea. Hitzaldiak, eztabaida mahaiak, tailerrak eta Gasteizen zehar egindako ibilbideak uztartuko ditu programak.
Erakargarritasun nagusietako bat Guillermo Peñalosa '8-80' hirien kontzeptuaren bultzatzailearen parte hartzea izango da. Bere filosofiaren arabera, 8 urteko haur bat zein 80 urteko pertsona bat segurtasunez eta autonomiaz mugitu eta espazio publikoaz gozatu ahal izateko diseinatu behar da hiria.
Gainera, urriaren 22an, bilkurak omenaldia egingo dio Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiari. Haren ikuspegiak bultzada erabakigarria eman zion kaleak oinezkoentzat berreskuratzeari, eta espazio publikoa eta pertsonen bizi kalitatea lehentasunen artean jartzen dituen hiri eredua finkatzen lagundu zuen.
Gasteiz 2013tik da Oinez Ibiltzen diren Hirien Sareko kidea, eta erakundeak emandako bi aintzatespen jaso ditu, 2013an eta 2024an. Azkenak nabarmendu zuen hirigunean 23.000 metro koadro baino gehiagoko espazio publikoa berreskuratu zela.