Gipuzkoa

Oiartzungo Kirol Asteak hamar egunez beteko du herria jarduera fisikoz

Ander Garaiar atletak jasoko du urriaren 30ean 2026ko Kirol Saria.
Kirol Asteko arduradunak. / N.G.

Oiartzungo Kirol Astea urriaren 22tik 31ra egingo da aurten, eta hamar egunez jarduera fisikoarekin, kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako eskaintza zabala izango da herrian. Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean osatu dute egitaraua, 16 hitzordurekin. Ekimenaren helburu nagusia da herritarrak bizitza osasuntsua izateko jarduera fisikoak duen garrantziaz jabetzea, elikadura egokia eta aisialdi aktiboa ere funtsezko osagai direla nabarmenduz.

Aurtengo programazioak askotariko proposamenak bilduko ditu, adin-tarte, egoera fisiko eta zaletasun desberdinetara egokitzeko asmoz. Hala, herritar guztiek izango dute kirolarekin harremanetan jartzeko edo jarduera berriak ezagutzeko aukera. Adinekoek ere protagonismo berezia izango dute, haientzat propio antolatutako hiru ekintzaren bidez. Ekimen horien xedea zahartzaro aktiboa eta osasuntsua sustatzea da.

Bizikletaren mekanika tailerrak

Bizikleta izango da aurtengo edizioko ardatz nagusietako bat. Urriaren 26tik 29ra mekanika tailerrak egingo dituzte, udako udal igerilekuaren azpialdean, 18.00etatik 20.00etara. Bizikletaren mantentze-lanak eta mekanika gertutik ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Horrez gain, urriaren 27an, Koldo Zubizarretak Estatu Batuetan, familia bat bizikletaz saioa eskainiko du Landetxen, 19.00etan.

Bizikletaren inguruko eskaintzak amaiera berezia izango du urriaren 31n. Kirol Asteari amaiera emateko, erakustaldiak antolatu dituzte Atamitx bizikleta parkean, 16.00etan. Horrela, bi gurpilen inguruko proposamenek presentzia nabarmena izango dute hamar eguneko egitarauan.

Egitaraua

Kirol Astea urriaren 22an hasi da, kirol elikadurari buruzko hitzaldiarekin. Zigor Iturrietak eta Igone Camposek eman zuten saioa, Laboren, 18.00etan. Asteburuan, berriz, kirol egokituak eta mendizaletasunak hartuko dute lekukoa. Urriaren 24an, larunbatean, eskola kiroleko erritmo saioa egingo dute Elorsoro udal kiroldegian, eta pala egokitua eta futbol egokitua ere izango dira, Kontzejupean eta Karla Lekuona futbol zelaian, hurrenez hurren.

Urriaren 25ean, igandean, Giriziaren 40. urteurrena ospatzeko mendi irteerak antolatu dituzte. Ibilbide luzeak 40 kilometro izango ditu, eta herriko plazatik abiatuko da 07.00etan. Ibilbide motzak, berriz, 17,5 kilometroko luzera izango du, eta Arritxulotik aterako da 08.00etan. Bi proposamenetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Kirol Astearen egitaraua. N.G.

Hurrengo egunetan, adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak egingo dituzte. Urriaren 27an, seniorren gymkana izango da Petra Lekuonan, 11.15ean. Hurrengo egunean, urriaren 28an, toka eta igel lehiaketa egingo dute Landetxeko bolatokian, 11.00etan, eta gimnasia familian saioa Elorsoro kiroldegian, 16.45etik 17.45era. Egun horretan bertan, La Fiera filma emango dute Landetxen, 19.00etan. Urriaren 29an, zumba saioa egingo dute Kontzejupean, 10.30ean, eta arratsaldean Pioneras filma eta mahai-ingurua izango dira Landetxen, 19.00etan.

Azken txanpan, urriaren 30ean, nordic walking saioa egingo dute Done Eztebe plazan, 11.00etatik 12.00etara. Egun horretako hitzordu nagusia, ordea, arratsaldean izango da: 2026ko Kirol Saria Ander Garaiar atletari emango diote Landetxen, 19.00etan.

Kirol Astearen bidez, Oiartzungo Udalak eta antolakuntzan parte hartu duten eragileek kirolaren ikuspegi zabala sustatu nahi dute, lehiaz harago doana. Jarduera fisikoa, elikadura osasuntsua eta aisialdia uztartuta, herritarren ongizatea indartzea eta kirola eguneroko bizitzan txertatzeko aukerak eskaintzea dute xede.

22/10/2026