Gipuzkoa

Oiartzungo auzo-batzarrak urriaren 14an hasiko dira

Azaroaren 9ra arte, zortzi auzotan bilduko dira udal ordezkariak herritarrekin lehentasunak eta proposamenak jasotzeko
Auzo-batzarren aurkezpena. / N.G.

Oiartzungo Udalak auzoz auzoko bilerak egingo ditu aurten ere, herritarren iritziak eta beharrak zuzenean ezagutzeko. Urriaren 14an hasiko dira batzarrak Arraguan, eta azaroaren 9an amaituko dira Gurutzen. Guztira, zortzi auzotan egingo dituzte bilerak, eta udal ordezkariek 2026an egindako lana azalduko dute, legegintzaldiaren amaierara begirako eginbeharren berri ematearekin batera.

Saioetan, auzotarren eskaerak eta proposamenak entzun eta jasotzeko aukera ere izango da. Joana Mendiburu Garaiar alkateak eta Agustin Lekuona Irastorza eta Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeek herritarren parte-hartzea sustatu nahi izan dute. “Auzoetara joango gara auzoez hitz egitera, eta auzotar guztiak batzarretan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”, adierazi dute.

Bilerak 18.00etan hasiko dira, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango dutela aurreikusi du Udalak. Hizkuntza-oztopoak gainditzeko, itzulpen-zerbitzua eskainiko dute Arraguan eta Altzibarren, euskaratik gaztelaniara, eta zeinu-hizkuntzako interpretea izango da Ugaldetxoko saioan.

Batzarren egutegia

Lehenengo batzarra urriaren 14an egingo dute Arraguan, frontoi ondoko elizan, eta urriaren 19an Karrikako bizilagunen txanda izango da, Artaso elkartean. Urriaren 21ean, Elizaldeko batzarra egingo dute udaletxeko areto nagusian; hurremgo egunean, urriaren 22an, Iturriotzen elkartuko dira, Beko Soro ondoko auzo-lokalean. Urriaren 26an, berriz, Ergoiengo bizilagunekin bilduko dira, Auzokalte elkartean.

Azaroko lehen batzarra hilaren 2an egingo dute Ugaldetxon, Atamitxeko auzo-lokalean; bertan, zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da. Azaroaren 5ean, Altzibarko auzo-lokalean elkartuko dira, Eroski ondokoan, eta euskaratik gaztelaniarako itzulpen-zerbitzua eskainiko dute. Azken batzarra azaroaren 9an izango da, Gurutzen, Bizardia elkartean.

Etiquetas
14/10/2026