Oiartzungo Udalak jakinarazi du LGTBIQ+ kolektiboari zuzendutako informazio eta aholkularitza zerbitzua eskainiko dela apirilaren 14an, Altzibarko eskola zaharrean. Hitzordua Berdindu Ibiltaria programaren baitan antolatu da, eta 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara egongo da zabalik.
Zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren Berdindu sarearen parte da, eta LGTBIQ+ pertsonei ez ezik, haien senideei eta interesa duen edozein herritarri ere zuzenduta dago. Bertaratzen direnek askotariko aholkularitza jaso ahal izango dute: arlo juridikoan, osasunari lotutako gaietan edota laguntza psikologikoan, besteak beste. Nahitaezkoa ez bada ere, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatu dute antolatzaileek, arreta egokiagoa bermatzeko.
Oiartzungokoa izango da Berdindu Ibiltariak Oarsoaldean egingo duen lehen geldialdia. Ekimen honen helburua zerbitzua deszentralizatzea da, hiriburuetatik kanpo bizi diren herritarrek ere arreta eskuragarriago izan dezaten. Zerbitzu ibiltaria martxan jarri zenetik, dagoeneko Gipuzkoako hainbat udalerritan izan da.
Bulegoa Donostian
Bestalde, Berdindu zerbitzu iraunkorrak 25 urteko ibilbidea du, eta bulegoak ditu Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Horien bidez, urte osoan zehar eskaintzen da arreta espezializatua, aurrez aurre zein urrutiko bideak erabilita.
Udalak nabarmendu du azken urteotan sentsibilizazio feministan eta aniztasun sexualaren inguruko lanketan pausoak ematen ari dela. Olaia Lasa Ongizate zinegotziaren hitzetan, “zaintzaren, ongizatearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua” da, eta beharrezkoa da oraindik ere LGTBIQ+ kolektiboak pairatzen dituen diskriminazio egoerei erantzutea.
Ildo horretan, tokiko beste zerbitzu batzuk ere martxan ditu Udalak, hala nola Gozagunea sexu-aholkularitza zerbitzua, hilean behin eskaintzen dena, edota Zinegoak jaialdiaren emanaldiak, 2018tik urtero antolatzen direnak. Ekimen horien bidez, aniztasunarekiko errespetua eta bizikidetza sustatzea du helburu Udalak.