Bizkaia

Marijesien ahotza

Marijesiak eta abenduko errondak Bizkaian: herritik sortutako erritu bizia, aztertuko du gaur, 18.30ean, Itziar Navarro musikologoak Gernika-Lumoko Kultur Etxean emango duen hitzaldian
Itziar Navarro
Itziar Navarro / Alaia Cachenaut

Actualizado hace 8 minutos

Abendua aurrera doan heinean eta gauak gero eta luzeago eta hotzago bihurtzen direnean, Bizkaiko hainbat herritan badago urtez urte errepikatzen den erritmo berezi bat. Isiltasuna nagusi den orduetan, goizaldeko ilunpetan edo ilunabarrean, ahots talde batek kaleak zeharkatzen ditu Gabonak iragarriz.

Itziar Navarro Ibañez musikologoak azken urteetan sakon aztertu du fenomeno hori. Soinuenea herri-musikaren txokoan lanean ari zela piztu zitzaion jakin-mina, Gernikako marijesien grabazio zaharrekin topo egin zuenean. Grabazio haiek ikustean, musikak berehala harrapatu zuen. Handik gutxira, errondak zuzenean ezagutzeko gogoa piztu zitzaion, eta 2019an Gernikara joan zen lagun batzuekin, erronda batean parte hartzera. “Jesukristo kantatu genuen, eta hortik aurrera denok engantxatu ginen, baina ni bereziki”, gogoratzen du.

Hasiera batean, Navarrok ez zuen doktoretza egiteko asmorik. Bere kabuz ikertzen hasi zen, materiala entzuten, testuak alderatzen eta testigantzak jasotzen. Baina Emilio Xabier Dueñas ikerlariak Lekeitioko marijesien berri eman zionean, eta bertako emakumeek zuten protagonismoa erakusten zuen grabazio bat helarazi zionean, ikerketak dimentsio berri bat hartu zuen. “Grabazio hura klabea izan zen; andrazko haien kantaera oso-oso ederra zen”, azaldu du. Handik gutxira, Jaume Ayats etnomusikologo katalanak ikerketa zuzentzeko aukera eskaini zionean, tesia egitea erabaki zuen.

2021etik 2024ra bitartean, Bizkaiko hainbat herritan egin du landa-lana: Lekeition, Ean, Gernikan, Iurretan, Oromiñon, Ibarrurin, Ariatzan eta Ibarrangelun, besteak beste. Guztira, 50 elkarrizketa inguru egin ditu. Ikerketak erakutsi du marijesien egoera ez dela homogeneoa. Herri bakoitzean desberdinak dira parte-hartzaileen profila, erronden iraupena, ordutegiak eta ohiturak herriko egutegian duen lekua.

Lekeitioko kantariak

Lekeitioko kantariak Zazpi T'erdi

Antzekotasunak, hala ere, argiak dira. Musikalki, doinuak aldaerak dira; testuetan, koplak eta estribilloak errepikatzen dira, eta ahozko transmisioak pisu handia izan du historian zehar. Jatorrian, kantu hauek errespontsurial forma zuten, bakarlari baten eta taldearen arteko elkarrizketa modura. Historikoki, eskea edo puska-biltzea ere ohikoa izan da, eta gaur egun ere errondak estraliturgikoak dira: herritarrek antolatzen dituzte, elizaren zuzeneko esku-hartzerik gabe. Desberdintasunak, ordea, askotarikoak dira. Talde batzuk bederatzi egunez ateratzen dira, beste batzuk egun bakarrean. Batzuk goizaldeko lauretan hasten dira; beste batzuk ilunabarrean. Badira a capella kantatzen dutenak, makilekin lurra jotzen dutenak, kanpaitxoa erabiltzen dutenak edo trikitixa eta panderoarekin laguntzen dutenak. Aniztasun horrek erakusten du marijesiak ez direla molde bakarreko ohitura bat.

Gernika-Lumoko Marijesiak dira horren adibide esanguratsuetako bat. Abenduaren 16tik 24ra, bederatzi gauz jarraian, goizaldean ateratzen dira kantura, herria hiru eremutan banatuta auzo gehienetara iristeko. Erritua barrutik bizitzen da: etxe barruan entzuten diren ahotsak, leihoetan agertzen diren aurpegiak, eta kalean dabilen taldearen eta herritarren arteko lotura isila. Prestaketa lan handia dago atzean, eta hori ondo ezagutzen du Irantzuk, taldeko kide eta antolatzaileetako batek. “Bederatzi gau jarraian kantatzea ez da erraza; lo gutxi egiten dugu, eta lanera edo eskolara joan behar izaten dugu gero”, azaldu du. Hala ere, nekea bigarren plano batean geratzen da: “Badago zerbait barrutik lotzen zaituena, eta horregatik jarraitzen dugu urtero”.

Gernikako Kantariak

Gernikako Kantariak Gernikako Marijesiak

Irantzuren etxean hiru belaunaldi ibili dira marijesietan, eta horrek lotura emozional sakona sortu du. Bere ustez, une hunkigarrienetako bat Pasealekun elkartu eta Andra Mari aldera igotzen direnekoa da. “Bakarlariak kantua hasten duenean, isiltasuna eta ahotsa bat egiten dute. Une horretan, herria bera esnatzen dela sentitzen da”, dio. Horregatik azpimarratzen du marijesiak ez direla kalean kantatzen dutenak bakarrik: “Etxe barrutik entzuten dutenak ere Marijesiak dira”.

Navarroren elkarrizketek ere sentipen hori berresten dute. Parte-hartzaile askoren arabera, erlijioa ez da gaur egun motibazio nagusia. Garrantzitsuagoak dira tokikotasuna, kolektibotasuna, auzotarrekin elkartzea eta elkarrekin kantatzearen emozioa. Eako ume batek ikerlariari esan zion bezala, abendua entzuteko aspergarria izan daiteke, baina kantatzeko dibertigarria. Hor dago, neurri handi batean, ohitura honen indarra.

Ondare inmaterialaren aitortzari dagokionez, Navarrok uste du instituzioen interesa garrantzitsua izan dela, baina arriskuez ohartarazten du. Ohitura bizi bat gehiegi finkatzeak edo formalizatzeak kalte egin diezaioke. “Kulturari aldakorra izaten utzi behar zaio; bestela, funtzionala izateari utz diezaioke”, azpimarratzen du.

Eako abendu neska mutilak

Eako abendu neska mutilak Zazpi T'erdi

Testuinguru horretan kokatzen dira Navarrok eskainiko dituen hitzaldiak. Gaur, 18.30ean, Gernikako Kultur Etxean ariko da, bere doktorego-tesiaren ondorioak partekatzen. Horrez gain, abenduaren 20an, 18.00etan Eako Eskolondo kultur etxean izango da, eta abenduaren 21ean, 18.00etan Ibarruriko txokoan. Hitzaldi horiek errondetako protagonistei eta herritarrei eskainitako itzulera-ariketa gisa ulertzen ditu.

2025-12-15T09:08:22+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo