Araba

Mahaikideak programak zinema saio batekin bukatuko du ikasturtea asteazkenean Gasteizko Lakua-Sansomendi auzoan

Elkar ezagutzeko eta elkarrizketarako guneak bultzatu nahi dira
Mahaikideak programak zinema saio batekin bukatuko du ikasturtea asteazkenean Gasteizko Lakua-Sansomendi auzoan. / Utzitakoa

Gasteizko Udalak Lakua-Sansomendi auzoko Mahaikideak programaren 2025-2026ko ikasturtea bukatuko du asteazkenean, uztailaren 8an, jolasekin eta 'Cómo entrenar a tu dragón' filmaren emanaldiarekin. 2022. urtetik, programak auzoko biztanleek elkar ezagutzea eta komunitatea sortzea sustatzen du. Hitzordua Sansomendi Institutuko atarian izango da, 21:30etik aurrera.

Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Miren Fernández de Landak azaldu duenez, helburua da "espazio komuna eskaintzea, auzoko bizilagunek, adin eta jatorri guztietakoek, elkar ikusteko, elkartzeko eta kalitatezko espazioa eta denbora partekatzeko aukera izan dezaten".

Hain zuzen ere, horixe izan da Mahaikideak proiektua 2022an abian jarri zenetik bultzatu dituzten ekintza guztien helburua. Ekimena babesten duten kolektiboek (gizarte etxea, Bizan, gazteentzako kaleko hezkuntza-programa, Kaleartean auzo elkartea eta CPS Huetos) ideia hau nabarmendu nahi izan dute: "Elkar ezagutzen badugu, elkar agurtu eta hitz egingo dugu auzoan elkar ikusten dugunean, komunitatea sortzea baita gure helburua".

Mahaikideak programa auzoko kolektiboen eta bizilagunen lanetik sortu zen, beste bi proiekturen ondorioz: Bizilagun (Zehar elkarteak antolatuta) eta zurrumurruen aurkako udal estrategia. Hortik sortu ziren Mahaikideak ekimenaren baitako hileko eta hiruhileko jarduerak. Horietan, bazkari edo askari bat aitzakiatzat hartuta (parte hartzaile bakoitzak zerbait eramaten du partekatzeko), interes komuneko gairen bat lantzen da edo aisialdiko jardueraren bat antolatzen da. Horren guztiaren bidez, elkar ezagutzeko eta elkarrizketarako guneak bultzatu nahi dira.

07/07/2026