Buscar
Gipuzkoa

Lurraldia jardunaldiek bost eguneko egitarau zabala ekarriko dute Astigarragara

Maiatzaren 15ean San Isidro Eguna ospatuko dute eta hilaren 17an ilar azoka antolatuko dute
Idi dema erakustaldia, San Isidro egunean.
Idi dema erakustaldia, San Isidro egunean. / Aitziber Muga

Baserritarren lana balioan jartzea, tokiko produktuen sustapena eta herritarren parte-hartzea izango dira ardatz nagusiak maiatzaren 13tik 17ra Astigarragan egingo diren Lurraldia 2026 jardunaldietan. Egitaraua Goldea eta Baratze herri elkarteek antolatu dute, Astigarragako Udalarekin elkarlanean.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, lurra zaintzea eta sustatzeaguztion ardura” dela aldarrikatu nahi dute aurten ere, eta horretarako, adin guztietarako jarduerak prestatu dituzte bost egunez.

Egitaraua maiatzaren 13an, asteazkenean, hasiko da. Arratsaldeko 17.30ean, udaletxean, Umako azokagunearen funtzionamendua eta irizpideak lantzeko topaketa egingo dute.

Hurrengo egunean, maiatzaren 14an, ostegunez, herriko tabernek hartuko dute protagonismoa. 19.00etatik aurrera egingo den pintxo poteoan, ilarra izango da osagai nagusia.

Ostiralean, San Isidro

Jardunaldietako egun nagusia izango da maiatzaren 15eko San Isidro Eguna. Goizean goizetik giroa jarriko dute Xabi eta Joxan trikitilariek, eta ondoren egingo dira prozesioa eta meza. 11.00etan, hamaiketakoa izango da Gure Izarra elkartean.

Eguerdian, ikusmin handia sortu ohi duen zaldi-dema egingo dute. Bertan ariko dira Etxetxo, Zornotza eta Garcia Alabak etxeetako zaldiak, 1.000 kiloko harriarekin eta 30 minutuko saioetan. Gainera, egun osoan zehar bertso giroa ere izango da, S. Lizaso eta A. Egaña bertsolariekin.

14.30ean egingo den herri bazkarian, omenaldia egingo diote Taula baserriari.

Maiatzaren 16an, larunbatez, familiei zuzendutako jarduera izango da protagonista. 17:30ean abiatuko dira Joseba Barandiaran plazatik Lizardi baserrira, loregintzaren inguruko bisita egiteko.

Ilarraren Eguna

Jardunaldiei amaiera emango dien ekitaldia izango da Ilarraren Eguna, maiatzaren 17an, igandez. 11.00etatik 14.00etara, Foru Plazan, ilarraren inguruko azoka eta hainbat jarduera egingo dituzte: bisita gidatuak, erakusketak, dastaketak, salmenta-postuak eta pintxo-jatea sagardoarekin, besteak beste. Horrez gain, herriko baserrietako ganadu erakusketa ere izango da.

Kirolari dagokionez, herri kirolak ere ez dira faltako. Aizkorako desafioan ariko dira Ander Altuna eta Jokin Urretabizkaia, eta gazteen arteko kirol probak ere antolatu dituzte.

2026-05-09T18:07:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo