Gipuzkoa

Lorea Narraspe futbolariak 200 partida jokatu ditu Urolarekin

Ezkiotarra Urretxu eta Zumarragako taldearekin partida gehien jokatu dituen emakumezkoa da
Narraspe, Elgarrestarekin eta Plazaolarekin.
Narraspe, Elgarrestarekin eta Plazaolarekin. / Urola

Actualizado hace 6 minutos

Martxoaren 8ko asteburuan, Lorea Narraspe Aramendi (Ezkio, 2002) jokalariak bere 200. neurketa jokatu zuen Urola Kirol Elkarteko emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldearekin. Hori dela eta, larunbatean klubak eta taldekideek aitortza egin zioten, etxean Hernani B taldearen aurka jokatutako partidan.

23 urteko erdilariak urte askotako konpromisoa eta jarraikortasuna erakutsi ditu Urolaren elastikoa defendatuz. Klubarentzat mugarri garrantzitsua izan da, lehen emakumezkoa izan baita 200 partida betetzen. Hori dela eta, Felipe Elgarresta lehendakariak eta Karmele Plazaola zuzendaritzako kideak lore sorta bat eta plaka bat oparitu zizkioten, klubaren izenean. Plazaola emakumezkoen futbolaren aitzindarietako bat izan zen, Urolako emakumezkoen taldearen ernamuina izan zen Ikastola-Seirak taldean jokatu baitzuen.

Narraspek 2017/2018 denboraldian egin zuen debuta Urolaren senior taldearekin, oraindik kadete mailako jokalaria zela. Denboraldi hartan kadete eta senior maila txandakatuz aritu zen, eta 2018/2019 denboraldian egin zuen behin betiko jauzia lehen taldera. Ordutik, guztira 8 denboraldi daramatza lehen taldean, eta beste bat kadete eta senior mailen artean banatuta.

Bere ibilbide osoan zehar Urolari lotuta egon da, beste klub batzuetatik eskaintzak jaso dituen arren. Zelaian, erdilari tekniko eta eraginkorra da:taldearen jokoan garrantzi handia du eta gol ugari lortu ditu.

2020/2021 denboraldian taldeko kapitain izendatu zuten, eta gaur egun ere ardura hori betetzen jarraitzen du. Kapitain gisa, Loreak eguneroko lanean eta jokabidean konpromisoa eta talde balioak erakusten ditu.

Klubarekiko lotura zelaitik haratago ere agerian utzi du azken urteetan. 2024/2025 denboraldian entrenatzaile lanetan hasi zen, haur mailako taldearekin, eta gaur egun kadete mailako taldea gidatzen du.

Emakumezkoen futbolean 200 partida jokatzea ez da ohikoa, eta Urola Kirol Elkarteak bereziki baloratzen du Loreak urte hauetan guztietan egin duen lana eta erakutsi duen konpromisoa. Klubaren nahia da mugarri hau beste jokalari batzuen ibilbideen eredu izatea.

Urola Kirol Elkarteak zorionik beroenak helarazi nahi dizkio Loreari, eta eskerrak eman klubari egin dion ekarpenagatik.

Narraspe eta bere taldekideak denboraldi ona egiten ari dira, nahiz eta azkenaldian behera egin duten. Denboraldiaren erdialdean, historian lehenengoz, taldea sailkapenaren goialdean egon zen eta Euskal Ligara igotzeko aukera izango zuela zirudien.

Larunbatean Hernani B taldearen aurka berdindu ondoren, Urola sailkapeneko bosgarren postuan dago. 22 jardunaldiren ondoren, 39 puntu ditu. Hamabi partida irabazi ditu, hiru berdindu eta zazpi galdu.

Bergara liderra hamabi puntura dago jada, baina maila galtzeko arriskurik ez dute. Hurrengo partida Azpeitian jokatuko dute, Lagun Onak taldearen aurka.

Urolak oso aukera gutxi ditu dagoeneko Euskal Ligara igotzeko, baina bere jokalari batek, Emely Noemy Valladares goleatzaile onenari saria irabazi dezake. Izan ere, sailkapeneko bigarren postuan dago, 17 golekin, Elgoibar taldeko Aroa Cernandarengandik gol bakarrera.

Etiquetas
2026-03-15T11:47:58+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo