Actualizado hace 5 minutos
Lezoko Udalak urtarriletik ekainera bitarteko egitarau kulturala aurkeztu du, eta diziplina anitzeko 54 ekitaldi bildu ditu, gehienak euskaraz, herritar guztiei zuzenduta. Programazioak haur, gazte eta helduentzako proposamenak uztartzen ditu, kultur eskaintza irekia, anitza eta gertukoa izatea helburu hartuta.
Egitaraua etxe guztietara banatu da eta dagoeneko Lezoko Udalaren webgunean eta APPan kontsulta daiteke.
Ekitaldietarako sarrerak eskuragarri daude ohiko kanalen bidez. Udalaren arabera, programazio honek Lezoko bizitza kulturala indartzea du xede, komunitatea kohesionatuz eta kultur jarduera topagune bihurtuz urteko lehen seihilekoan.
Kultura eskuragarria
Kulturako zinegotziak, Aitzol Saizarrek azpimarratu duenez, egitarauak publiko mota guztientzako hitzorduak jasotzen ditu: “Pozgarria da herritar guztiei zuzendutako ekintzak antolatzea; Udalaren helburua kultura denontzat eta eskuragarria izatea da”.
Ildo horretan, jarduerak hainbat espaziotan banatu dira, herriko kultur azpiegiturak eta kaleak aktibatuz. Izan ere, ekitaldiak Gezala Auditoriumean, Andreone udal liburutegian, Tomas Garbizu udal musika eskolan eta Lezoko kaleetan egingo dira.
Kultur teknikariak, Ainhoa Salaberriak, azaldu duenez, guztira 54 ekitaldi antolatu dira, eta programazioa “herritar guztientzat pentsatua” dago, formatu eta diziplina ugari bilduz: musika, antzerkia, zinema, literatura eta solasaldiak izango dira besteak beste.
Tokiko sorkuntzak
Tokiko sorkuntzak ere presentzia nabarmena izango du. Adibidez, Orratx! antzerki taldeak bere lanak aurkeztuko ditu, eta Zinema Ttikiak ikus-entzunezko proiekzioak antolatuko ditu.
Era berean, Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketako antolatzaileek mahai-inguru berezia prestatu dute otsailaren 19an, 19.00etan, Gezala Auditoriumean. Bertan Usoa Ostolaza, Jokin Lizeaga eta Martxel Bereau goi-mailako kirolariek hartuko dute parte.
Musikak ere leku berezia izango du egitarauan. Tomas Garbizu udal musika eskolak hainbat kontzertu eta emanaldi antolatu ditu 2026ko lehen seihilekorako, bai Gezala Auditoriumean, bai musika eskolan, eta baita herriko kaleetan ere, musika eguneroko espazioetara eramateko helburuarekin.
Horrez gain, arte eszenikoen ohiko emanaldiak hartuko ditu Gezala Auditoriumak, eta literatur-solasaldiak antolatu ditu Andreone udal liburutegiak, irakurzaletasuna eta pentsamendu kritikoa sustatzeko.
Udalak nabarmendu du ekitaldi askok prezio herrikoiak izango dituztela edo doakoak izango direla, kulturarako sarbidea errazteko eta parte-hartzea handitzeko asmoz.
Ohi bezala, urteko lehenengo emanaldia Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna izaten da Errege Magoen bezperan, urtarrilaren 5ean. Aurtengoan, Pupu eta Lorerekin batera, Zerua lapurtu dute lana aurkeztuko dute.
Emanaldia Bekoerrota kiroldegian izango da eta 12.00etan hasiko da. Oraindik sarrerak eskutatu daitezke zortzi euroren truke sarrerak.lezo.eus webgunean.