Gipuzkoa

Lezoko IV. Irakurketa Dramatizatuen Partidak lau testu eramango ditu finalera

Urriaren 3an izango da Lezo Herri Eskolako patioan, eta publikoak erabakiko du zein izango den aurtengo irabazlea
Aurreko urte bateko irakurketa drmatizatua. / N.G.

Lezoko IV. Irakurketa Dramatizatuen Partida finala urriaren 3an, 19.30ean, izango da Lezo Herri Eskolako patioan, eta sarrera doakoa izango da. Aurtengo edizioan 13 testu aurkeztu dituzte, eta Hodei Arrastoa aktore eta sortzaileak eta Olatz Gorrotxategi aktore, gidoilari eta zuzendariak osatutako epaimahaiak lau finalistak aukeratu ditu: Martin Antxia, Idoia Garzes, Ander Lacalle eta Marina Perosanz. Horietako bik, Lacallek eta Perosanzek, 35 urte baino gutxiago dituzte.

Finalean, lau testuen irakurketa dramatizatua egingo dute. Irakurketak egiteko, Nerea Elizalde, Intza Alkain, Xabi Burgos eta Jurgi Sarasola izango dira aktoreak. Azken hori lezoarra da, eta antolakuntzak bereziki nabarmendu du herriko gazte batek Partidan parte hartzea.

Antolatzaileen arabera, Elizaldek eta Alkainek urteak daramatzate profesional mailan, eta Burgos eta Sarasola “labekada berriaren” ordezkari dira. Zuzendaritza lanetan, berriz, Mireia Gabilondo eta Getari Etxegarai arituko dira, biak ere ibilbide ezaguneko izenak arte eszenikoetan.

Saioaren aurkezle lanak Kepa Errasti aktoreak egingo ditu, eta Garazi Esnaola musikari eta abeslaria arduratuko da saioa musikaz girotzeaz.

Publikoa, epaimahaiko kide

Irakurketa Dramatizatuen Partidaren ezaugarrietako bat da finaleko erabakia ez duela epaimahai profesional batek hartuko. Publikoa izango da irabazlea aukeratuko duena, lau testuen irakurketa dramatizatuak ikusi eta entzun ondoren.

Finalaren aurkezpenean, Aitzol Saizar Kultur zinegotziaren esanetan, Irakurketa Dramatizatuen Partida “herritarrak eta arte eszenikoak gerturatzeko tresna” gisa sortu zen. Lau edizioren ondoren, haren ustez, ekimenak “euskal sortzaileen lanaren erakusleiho” gisa paper garrantzitsua betetzen du.

Gainera, Partidaren bereizgarrietako bat euskaraz hutsean sortutako lehiaketa izatea da. Saizarrek nabarmendu zuenez, urtez urte erakusten ari da euskaraz eta Lezoren inguruan sor daitezkeen istorioak erakargarriak direla sortzaile, profesional, zale, ikusle eta parte-hartzaileentzat.

Agurtzane Intxaurragak, Hika Teatroko zuzendariak, ere edizioaren hazkundea nabarmendu zuen. “Bere txikitasun horretan handitu den Partida da”, azaldu zuen. Iaz egin zen lehen aldiz lehiaketa euskara hutsean, eta orduan 11 testuk hartu zuten parte; aurten, berriz, 13 izan dira. Euskal Herri osoko partaideentzat antolatzen den ekimena izanik, urtetik urtera zabaltzen ari dela ikustea “pozgarria” dela adierazi zuen.

Lezoko Udalak eta Hika Teatroak, beraz, herritarrak ez ezik Euskal Herriko gainerako herritarrak ere gonbidatu dituzte urriaren 3an Lezo Herri Eskolako patiora gerturatzera. Finala 19.30ean hasiko da eta sarrera doakoa izango da.

30/09/2026