Gipuzkoa

Lesboserako janari bilketa egingo dute ostiralean eta larunbatean Urretxun

Elikagaiak gaur eta bihar bilduko dituzte Eroski eta BM supermerkatuetan
Rikardo Babarro, goialdean erdian kamiseta gorriarekin, Lesbosen, boluntarioekin eta kanpamentuko jendearekin. / N.G.

Herritar talde batek janari bilketa bat antolatu du, Greziako Lesbos irlan lan egiten duen Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeari (GKE) laguntzeko. Janari bilketa gaur eta bihar izango da, Urretxuko BM eta Eroskin.

Ekimen honen bultzatzaileetako bat Rikardo Babarro izan da. Iazko maiatzean Lesbosen izan zen, boluntario gisa. «Lehenengo aldiz joaten bazara, hiru aste izaten dira eta egunero lan egin behar duzu. Errepikatu nahi baduzu, zure kabuz joaten zara eta zuk erabakitzen duzu zenbat egunetarako joan eta zenbat egun lan egin. Ni bi donostiarrekin joan nintzen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina oso ondo moldatu ginen. Hiru boluntario egoten dira normalean. Gu joan ginenean, beste hiru joan ziren».

Lehen hamar egunetan 7.00etatik 14.30era lan egiten zuten eta azken hamarretan 8.00etatik 15.00etara. «Zaporeak elkarteak bi apartamentu ditu eta horietan lo egiten genuen. Bi furgoneta ere badituzte, irlan mugitzeko eta janaria kanpalekura eramateko. Sukaldea Mytilini hiriburutik 15 bat kilometrora dago, gutxi gorabehera. Kanpalekua beste 12 kilometrora dago. Lehenbizi kanpalekutik pasatzen ginen. Han jendea hartzen genuen eta sukaldera eramaten genuen. Sukaldean bi sukaldari daude, kontratatuta. Okindegian beste bi pertsona daude. Boluntarioon lana laguntzea da: garbiketa egin, antolatu, kargak mugitu... Sukaldatu beraiek sukaldatzen dute, beraien erara».

Handik bueltan, lan talde bat osatu du herrian. «Gure helburua janaria biltzea da. Lekaleak (garbantzuak, babarrunak eta dilistak), makarroiak eta olioa (oliba edo ekilorea) jasoko ditugu. Hori da, hain zuzen ere, Zaporeak elkartearen zeregin nagusia: janaria bildu eta autobus baten bitartez hara bidali. Hilabetero bidaltzen du janaria Lesbosera. Jendeak emandako janariaz gain, gauza batzuk erosten dira».

Urretxuko eta Zumarragako janari bilketa gaur eta bihar izango da. «Ostiralean eta larunbatean egingo dugu, 9.00etatik 20.00etara. Bilketa Urretxuko Eroski eta BM supermerkatuetan egingo dugu».

Zaporeak elkartearen beste zeregina sentsibilizazioa da. «Hori dela eta, ikastetxe guztiekin harremanetan jarri ginen eta gure proposamena onartu zuten. Hala, lanketa bat egin dute eta gure janari bilketa beraien lanketa horretan txertatu dute. Aste honetan janaria bildu dute ikastetxeetan, Ikasle bat, kilo bat lelopean. Horretaz gain, Gainzuri, lizeo eta institutuan hitzaldiak eman ditugu. Oso gustura gaude, ikasleek etorkinei buruzko lanketa egin baitute».

Jendeari laguntzeko eskatu dio. «Lesbosen egoera gogorra bizi dute. Bertan daudenak toki ezberdinetatik heldu dira, garaiaren arabera: Siriatik, Palestinatik, Afganistanetik, Afrikatik... Lehen pausoa Lesbosera heltzea da, baina Lesbosera heltzeko arazo asko izan dituzte. Turkiatik Lesboseko uhartera hamabi kilometro daude eta askok arazo handiak dituzte. Bidean jende asko hiltzen da. Gainera, askotan Europako mugak zaintzen dituen Frontex poliziak jatorrizko tokira itzultzen ditu. Lesbosera heltzen direnean helburua lortu dutela uste dute, baina han bigarren fasea hasten da: paperak lortu behar dituzte kontinentera etortzeko. Kanpamentuetan ez dute gauza handirik egiteko eta bizimodu latza dute bertan. Garai batean GKE gehiago zeuden bertan, gainera. Zaporeakek otordu duin bat eskaintzen die behintzat. Eta osasungarria».

Euskal Herria ere herri migratzailea izan dela gogoratu du. «Ikastetxeetan esan dugun moduan, denok izan gara migratzaileak. Euskaldunok Hego Amerikara eta Ipar Amerikara joan ginen eta joan zen mendeko erdialdean jende asko etorri zen Espainiatik Euskal Herrira. Inori ez zaio gustatzen bere herrialdea uztea. Goseagatik, gerrengatik... izaten da askotan».

24/04/2026