Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak, eskualdeko udalen eta Mallabiko Udalaren laguntzaz, XLII. Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia antolatu du datorren urriaren 10erako Markina-Xemeinen. Urteroko hitzordu hau eskualdeko produktuen, ekoizleen, abeltzainen zein gastronomiaren erakusleihorik onena bihurtu da berriro, eta horren adierazle nagusia aurtengo edizioan parte hartuko duten 72 postuak dira. Azokak baserritarren eta herritarren arteko elkargune bizia izatea du helburu nagusi.
Egun osoan zehar, goizeko 10.00etatik 15.00ak arte, bisitariek eskualdeko baserrietako produktuak zuzenean erosteko aukera izango dute. Guztira 34 ekoizlek hartuko dute parte zuzeneko salmentan: gaztagileak, ortulariak, okinak, ahate-produktuen zein eztiaren ekoizleak, txerriki zein txahal-okela saltzaileak, sagardo eta txakolin ekoizleak, besteak beste.
Horrez gain, artisautzak ere leku zabala izango du 30 posturekin, larrua, egurra, bitxiak eta beste hainbat sorkuntza ikusgai eta salgai jarriko dituztelarik.
Nekazaritzaz gain, abeltzaintzak pisu handia izaten jarraitzen du. Aurten, bi urtez behin egiten den bezala, Lea-Artibaiko animalien lehiaketa ospatuko da, behi, zaldi eta ardi arrazak bilduz. Guztira eskualdeko hainbat abeltzainen behiak, idiak, zaldiak, pottokak, astoak, ardiak, txakurrak eta hegaztiak bertatik bertara ikusi ahal izango dira.
Emakumeei aitortza
Bereziki aipagarria da aurtengo edizioan lehen sektoreko emakumeei egingo zaien aitortza. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2026 urtea Nekazariaren Nazioarteko Urtea izendatu duela eta urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Plazabarripean 'Nor Dago Honen Atzean' erakusketa ikusgai egongo da. Lea-Artibai eskualdeko emakumeak buru dituzten bederatzi nekazaritza-ustiategi eta baserri biltzen ditu ekimen honek, haien zeregin aktiboa eta aniztasuna gizartearen aurrean balioan jartzeko.
Eguna girotzeko, egitarau zabala prestatu da: goizean lehiaketen epaimahaiaren lana hasiko da, eta jarraian baserriko tresna zaharren erakusketa, ardi-ile mozte erakustaldia, trikitilariekin erromeria, bertsolariak eta familiendako herri kirolak egingo dira. Eguerdiko 13.00etan animalien sariak banatuko dira, eta 14.30ean fruta eta ortuari mahai onenen sariak (200 euro eta 150 euro) eta eskualdeko merezimenduaren aipamena emango dira. Azkenik, "Hamen Bertokoa" otzaren zozketa egingo da azokari amaiera emateko.
Antolakuntzak jakinarazi du kontsigna zerbitzua egongo dela erosketak eroso gordetzeko, baita doako autobus zerbitzu etengabea ere Kareaga industrigunetik azoka guneraino. Antolatzaileek eta laguntzaile diren erakunde zein udal guztiek herritar zein bisitari guztiak gonbidatu dituzte egun zoragarri bat elkarrekin igarotzeko.