Gipuzkoa

Lazkaoko Ikastola: herritik sortutako hezkuntza eredua, etorkizunera begira

Euskaltzaletasuna, elkarlana, elkarbizitzarako hezkuntza eta konpromiso soziala ikasleen egunerokoan txertatzen dituzte
Ikasle batzuk buztinarekin jolasean, sormena lantzen.
Ikasle batzuk buztinarekin jolasean, sormena lantzen. / Irati Ayerza Photography

Actualizado hace 5 minutos

Lazkaoko Ikastola herri ekimenetik sortutako hezkuntza proiektua da, eta gaur egun Goierriko erreferenteetako bat da euskarazko irakaskuntzan. 0 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko hezkuntza ibilbide osoa eskainiz. Eusko Jaurlaritzak itundutako ikastetxea izanik, 850 ikasle inguruk osatzen dute egun bere hezkuntza komunitatea. Ikaslea erdigunean jartzen duen heziketa eredua garatzen du, konpetentzietan oinarritutako ikuspegiarekin, metodologia aktibo, kooperatibo eta berritzaileen bidez, ikasleen ongizatea eta garapen pertsonal zein akademikoa uztartuz, betiere euskaratik eta euskaraz.

Testuinguru horretan, Lazkaoko Ikastolak 2026-2027 ikasturterako matrikulazio kanpaina zabalduko du otsailaren 2tik 13ra bitartean. Ikastolak bereziki azpimarratu nahi du 2024an jaiotako haur guztiek aurrematrikula egin behar dutela, 2026ko irailean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan hastea aurreikusten bada.

Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko hezkuntza ibilbide osoa eskaintzen du ikastolak.

Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko hezkuntza ibilbide osoa eskaintzen du ikastolak. Irati Ayerza Photography

Aurkezpen eta ate irekien saioak

Izen-ematea bi bidetatik egin daiteke: alde batetik, 'online', Eusko Jaurlaritzaren Ikasgunea plataformaren bidez, eta, bestetik, ikastolako idazkaritzan bertan, aldez aurretik hitzordua eskatuta (943 880 800). Matrikulazio prozesua errazteko eta familiei informazio zuzena eskaintzeko asmoz, aurkezpen eta ate irekien saioak ere antolatu dira. HH2ko familientzako aurkezpen bilera otsailaren 3an izango da, euskaraz 17.00etan eta gaztelaniaz 18.00etan; DBHko ate irekiak, berriz, otsailaren 6an egingo dira, euskaraz 17.30ean eta gaztelaniaz 18.00etan.

Euskara eta euskal kultura

Ikastolaren hezkuntza proiektuak balore sendo eta argietan du oinarria. Euskara eta euskal kultura dira eguneroko jardunaren ardatza, eta horien bueltan eraikitzen da euskaltzaletasuna, euskaraz biziko den komunitatearen ikuspegitik. Horrez gain, jarrera berritzailea eta ekintzailea, sormena, pentsamendu kritikoa, aniztasunarekiko errespetua, elkarlana eta konpromiso soziala sustatzen dira. Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren protagonista izatea bilatzen da, norbanako bakoitzaren erritmoa eta beharrak kontuan hartuta, arreta pertsonalizatuaren bidez. Ikastolaren funtzionamendua komunitatearen parte-hartzean oinarritzen da, familiek, langileek eta ikasleek elkarlanean eraikitzen baitute eguneroko hezkuntza jarduna, etengabeko hobekuntza lortzeko.

Askotariko proiektuak

Ikasleen garapen integrala bermatzeko, Lazkaoko Ikastolan askotariko proiektu pedagogiko eta komunitarioak garatzen dira. EKI proiektua da horietako ardatz nagusietako bat: Euskal Curriculumean oinarritutako ikasmateriala, LHko laugarren mailatik DBH amaierara arte aplikatzen dena. Metodologia berritzaile honek diziplinarteko ikuspegi batetik, askotariko baliabideen erabilera integratua eskatzen du, hezkuntza integrala eta esanguratsua sustatzeko.

Era berean, Eskolako Agenda 2030 programaren bidez jasangarritasuna eta Garapen Iraunkorreko Helburuak txertatzen dira ikasleen egunerokoan, ingurune hurbilean zein maila globalean eragiteko gaitasuna garatuz.

Askotariko proiektu pedagogiko eta komunitarioak lantzen dituzte.

Askotariko proiektu pedagogiko eta komunitarioak lantzen dituzte. Irati Ayerza Photography

'STEM School Label' zigilua

STEAM arloek ere presentzia nabarmena dute ikastolan, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte. Ikastolak 'STEM School Label' zigilua eskuratu du, Europako zientzia eta teknologia hezkuntzaren kalitatea aitortzen duen ekimenean, maila gorenera iristeko lanean jarraituz. Horretaz gain, digitalizazio plana, Kimu proiektua Lehen Hezkuntzako lehen mailetan, hezkidetza eta berdintasuna, Ruandarekin elkarlanean antolatutako elkartasun ekimenak, ebaluazio taldea, elkarbizitzarako hezkuntza eta Kantujira bezalako herri ekimenak uztartzen dira, ikaskuntza akademikoa balio sozialekin lotuz.

Ohitura osasungarriak ikasleei ere irakasten zaizkie.

Ohitura osasungarriak ikasleei ere irakasten zaizkie. Irati Ayerza Photography

San Migel ikastola izenarekin hasi zuen ibilbidea

Lazkaoko Ikastolaren ibilbidea Goierrin erdal eskolak soilik zeuden garaian hasten da. Jaxinto Setien eta Aitor Muruamendiarazen ekimenez, guraso, andereño eta laguntzaileen babesari esker, 15 ikaslerekin abiatu zen proiektua, San Migel Ikastola izenarekin, Bordatxuri etxean egokitutako espazio txiki batean.

Lehen urteak ez ziren errazak izan: baliabide urritasuna, irakasle euskaldun tituludunen eskasia eta testuinguru politiko konplexua gainditu behar izan zituzten. Hala ere, proiektuak aurrera egin zuen, etapaz etapa hezkuntza eskaintza zabalduz. Gaur egun ere hasierako helburuari irmo eusten dio: euskaraz hezitako pertsona osoak, kritikoak eta gizartearekiko konprometituak heztea.

2026-02-02T06:40:26+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo