Araba

Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatutako Gasteizko IAK-Izaskun Arrue Kulturguneak oso esparru ezberdinetatik abiatuta "euskal kulturaren aberastasuna balioan jartzen duten" bi erakusketa hartuko ditu

Izaskun Arrue Kulturguneak 'A la yuklak, golpian bat' eta 'Kanthoria eta autotunea' erakusketak hartuko ditu.
Izaskun Arrue Kulturguneak 'A la yuklak, golpian bat' eta 'Kanthoria eta autotunea' erakusketak hartuko ditu. / Utzitakoa

Actualizado hace 5 minutos

Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatutako Gasteizko IAK-Izaskun Arrue Kulturguneak oso esparru ezberdinetatik abiatuta euskal kulturaren aberastasuna balioan jartzen duten bi erakusketa hartuko ditu datozen asteetan: sagardoaren eta sagardotegien azken 200 urteetako aisialdiaren inguruko A la yuklak, golpian bat eta euskarazko musikaren bilakaerari buruzko Kanthoria eta autotunea.

Kulturguneko iturriek jakinarazi dutenez, Sagardoetxea Museoak antolatutako A la yuklak, golpian bat ostegun honetatik apirilaren 30era bitartean bisitatu ahal izango da bigarren solairuan, eta sagardoaren inguruko aisialdiak azken 200 urteetan izandako bilakaera erakutsiko du.

Eduki ezberdinen bidez, bisitariak XIX. mendearen amaierako sagardotegien giroan murgildu ahal izango dira, eta topagune sozial gisa izan zuten garrantzia ikusteaz gain, bertan garatzen ziren kultur jarduerak ere ezagutuko dituzte, hala nola, boloak, toka edo bertsolaritza.

Halaber, erakusketak gaur egun sagardotegietako esperientziaren elementu nagusietako bat den txotxaren jatorria eta bilakaera azaltzen du, eta sagardoaren ekoizpen eta kontsumoan izandako aldaketak aztertzen ditu XIX. mendetik gaur egunera arte, frankismo garaiko krisia eta ondorengo berpizkundea barne.

Jarduera osagarri gisa, ostegun honetako inaugurazioan bisita gidatua antolatu da Lourdes Odriozola historialariarekin, eta apirilaren 30eko itxiera ekitaldian Arabako ekoizleen sagardo dastaketa egingo da.

KANTHORIA ETA AUTOTUNEA

Bestalde, 'Kanthoria eta autotunea' erakusketa apirilaren 16tik maiatzaren 10era bitartean egongo da ikusgai Izaskun Arrue Kulturguneko beheko solairuko aretoan. Musika Bulegoak bere hamargarren urteurrena dela-eta sustatutako erakusketa ibiltariak euskarazko musikaren historiaren birpasatzen du, XVII. mendetik gaur egunera arte, bere garapena baldintzatu duten testuinguru soziokulturaletan arreta jarriz.

Bilbotik igaro ondoren, erakusketa Gasteizera iritsiko da, eta jarduera osagarrien egitarau berezi batekin, egungo sorkuntza musikalean sakontzen laguntzeko. Horien artean nabarmentzekoak dira: apirilaren 16ko irekiera, Galderren kontzertuarekin; apirilaren 24an Xabier Erkiziak gidatuko duen bisita eta ondorengo Iaiaiai Irrintzi performancea; maiatzaren 6an euskal musikaren konpromiso politikoaz antolatuko den mahai ingurua, Jon Basagurenen gidaritzapean eta Birkite Alonso, Josu Zabala eta Sara Alonsoren parte hartzearekin.

Bi erakusketak asteburuetan bisitatu ahal izango dira IAKn: ostiral eta larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara (maiatzaren 1ean izan ezik).

2026-04-10T14:44:52+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo