Gipuzkoa

Lasarte-Oriak Bertso Astea ospatuko du azaroaren 27tik aurrera

Earra! Bertso Eskolaren 35. urteurrena ospatzeko bertso-saioa izango ekitaldietako bat
Eli Pagola, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan
Eli Pagola, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan / B.E.

Lasarte-Oriak Imanol Lizardi Bertso Astearen hirugarren edizioa hartuko du azaroaren 27tik abenduaren 3ra. Udalak, Ttakun Kultur Elkarteak eta Earra! Bertso Eskolak elkarlanean antolatutako ekimenak bertsolaritza herritarrengana hurbiltzea eta euskal kulturarekiko interesa sustatzea du helburu, bereziki belaunaldi berrien artean.

2024ko udazkenean, Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen lehen sariketaren inguruan sortu zen Bertso Astea. Lehen bi edizioen ondoren, bertsoaren inguruko topagune gisa sendotzen ari da, haurrek, gazteek eta familiek euskarazko sormenaz eta adierazpenaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Aurtengo edizioak, gainera, urteurren berezia izango du: Earra! Bertso Eskolaren 35. urteurrena. Eskolak hiru hamarkada eta erdian egindako lana ere izango dute gogoan egitarauan. Antolatzaileen asmoa da bertsolari gazteen talentua ezagutaraztea eta herriko bertso-tradizioa bizirik mantentzea.

Gazteen sariketa, ostiralean

Lehen hitzordua azaroaren 27an izango da, Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen III. Sariketarekin. 18:00etan hasiko da, Mirentxuenean. Genero-ikuspegia eta lurralde-aniztasuna kontuan hartuta aukeratutako sei bertsolari gaztek parte hartuko dute: Duna Urteaga, Urko Arakistain eta Adei Urbitarte gipuzkoarrek; Iradi Barrenetxeak eta Jon Abasolok, bizkaitarrek; eta Maia Ortiz de Zaratek, arabarrak.

Lehen sailkatuak 400 euroko saria eta oroigarria jasoko ditu; bigarrenak, berriz, 200 euro eta oroigarria.

Abenduaren 2an, asteazkena, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak izango dira protagonista. Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri-Garaikoetxea ikastetxeetako 300 ikasle baino gehiago bilduko dira Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 15:15etik 16:15era.

Unai Muñoak gidatuko du saioa, eta Andoni Rekondo eta Eli Pagola arituko dira bertsotan. Emanaldia interaktiboa izango da: ikasleek gai-jartzailearen rola hartuko dute, eta aurretik ikasgeletan prestatutako ariketak proposatuko dizkiete bertsolariei. Ekimenaren bidez, euskarazko inprobisazioa sormenaren, parte-hartzearen eta umorearen bidez ezagutarazi nahi diete gaztetxoei.

Earra! Bertso Eskolaren urteurrena

Bertso Asteari amaiera emateko, abenduaren 3an, osteguna, Earra! Bertso Eskolaren bertso-saioa egingo dute Jalgi kafe-antzokian, 18:30ean. Aurreko edizioetako bertso-poteoaren ordez, bertsolari gazteek bestelako formatuko saioa eskainiko dute.

Hitzordua eskolaren 35. urteurrena ospatzeko baliatuko dute. Urteurrenaren harira, Lasarte-Oriako bertso-eskolaren ibilbidea irudien bidez jasoko duen argazki-erakusketa ere izango da ikusgai.

Egitarauko hiru saioak doakoak eta publiko guztiari irekiak izango dira. Antolatzaileek herritarrak Bertso Astearen edizio berrian parte hartzera eta bertsolaritzaz gozatzera gonbidatu dituzte.

2026-11-27T08:21:17+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo