Gipuzkoa

Larunbatean Santa Lutzi feria egingo dute Urretxu eta Zumarragan

Ostiralean eta igandean ere hainbat ekitaldi izango dira
Emakume bat zaldi bat laztantzen, iazko ferian.
Emakume bat zaldi bat laztantzen, iazko ferian. / Asier Zaldua

Actualizado hace 6 minutos

Larunbatean Santa Lutzi feria ospatuko da Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Aurtengoa berezia izango da, asteburuan delako eta animalien gaitzak medio. Asteburuan denez, udalek inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu dituzte. Dermatosi nodular kutsakorra dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ganadua bakarrik egongo da. Hegaztien gripea dela eta, berriz, ez da oilasko eta kapoi erakusketa eta lehiaketa egingo.

Feria larunbatean denez, bai Urretxun eta bai Zumarragan festa asteburu osora zabalduko dute. Zumarragan, musika bandaren eta Antxiñako Ama txistulari taldearen kalejira ostiralera pasatu dute. 19.00etan egingo dute, pintxo-potea girotzeko. Ostiralerako beste ekitaldi bat ere antolatu dute: Sentimundua flamenko eta trikitixa ikuskizuna. 20.00etan egingo dute, Zelai Arizti aretoan. Sarrerak 5 euroan jarri dituzte salgai, Zelai Ariztiko leihatilan, bertako makinan eta online.

Urretxun ere bi ekitaldi izango dira ostiralean. 18.00etatik 21.30era Arabako Errioxako 32. ardo azoka egingo dute Iparragirre plazan. Hamar upategi izango dira. Bestalde, 19.30ean Esanezin taldeak eta Uxue Kerejetak kontzertu akustikoa egingo dute Pagoeta gune soziokulturalean.

Santa Lutzi eguneko ekitaldiei dagokienez, goizean hainbat feria eta sariketa izango dira: abereak Zumarragako Urdaneta hiribidean, nekazaritzako tresnak Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan, fruta eta barazkiak Urretxuko Gernikako Arbola plazan, errezil sagar, fruta eta barazkiak Zumarragako Euskadi plazan, ezti sariketa Urretxuko Areizaga kalean, eskulanak Urretxuko Iparragirre kalean eta Zumarragako Euskadi plazan eta Zelai Arizti pilotalekuan eta ardoa Urretxuko Iparragirre plazan.

Horretaz gain, denetik erosi ahal izango da bi herrietako kaleetan. Zumarragan 224 postu jarriko dituzte eta Urretxun 125. Sari banaketa ekitaldia 13.30ean izango da, Areizaga-Kalebarren plazan. Baina dena ez da salerosketa izango, noski. 9.00etan Urretxuko Lizarriturri txistulari elkarteak eta Iratzarri dultzainero taldeak kalejira egingo dute. Ordu berean, argazki rallya hasiko da. Parte hartu nahi dutenek Urretxuko kultur etxean eman behar dute izena, 10.00ak baino lehen.

10.00etan Tolosako dultzaineroek diana joko dute eta bi herrietako trikitilariek kalejira egingo dute. 10.30ean, musika eskolako trikitilari taldea izango da kalejira egingo duena. 11.00etatik aurrera, burduntzian erretako txekorraren pintxoak salduko dira Gernikako Arbola plazaren goialdean. Pintxoek 3 euro balioko dute eta jasotako dirua Katxalin elkarteari emango diote.

12.30ean herri kirol jaialdia hasiko da, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Iker Vicente, Hodei Ezpeleta, Nerea Arruti, Oihana Fernandez de Barrena, Olaia Esnaola, Malen Morandeira, Beñat Telleria eta Mikel Lopetegi Urrak parte hartuko dute. Goizeko ekitaldiekin bukatzeko, 13.30ean artzain txakur erakustaldia egingo dute Urretxuko Zubimusu plazan.

Arratsaldean hiru ekitaldi izango dira. 17.30ean profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira Ederrena pilotalekuan. Lehen partidan, Egiguren V eta Erostarbe urretxuarrak, Alberdi II eta Lizeagaren aurka jokatuko dute. Bigarren partida binakako txapelketakoa izango da: Artolak eta Imazek, Zabala eta Martijarekin neurtuko dituzte indarrak. Sarrerak agortuta daude.

Zumarragako Euskadi plazan, berriz, idi proba jokatuko da. Asier Izagirre, Iker Zubillaga eta Rafa Alegriaren idiek parte hartuko dute. Lehia 18.00etan hasiko da. Santa Lutzi eguneko ekitaldiekin bukatzeko, 18.30ean Iñaki Larrañaga urretxuarraren Oilar Beltzak rantxera taldeak Areizaga-Kalebarren plazan joko du.

Aurten Santa Lutzi eguna larunbata denez, biharamunerako ere ekitaldiak antolatu dituzte. 11.00etan Erremontari Herriz Herri ekimeneko azken jardunaldia jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan.

12.00etan Hauspo bat bihotzari ikuskizuna egingo dute Zelai Arizti aretoan. Garazi Etxaburu dantzariak, Kepa Urteaga eta Mikel Alustiza trikitilariek, Andoni Egaña bertsolariak, Gorka Larrañaga marrazkilariak, Andoni Salamero olerkariak eta musika eskolako trikitilariek parte hartuko dute.

Bukatzeko, 18.00etan Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Aitor Mendiluzek, Aitor Bizkarrak, Nerea Elustondo legazpiarrak eta Mikel Iturriotz urretxuarrak abestuko dute. Sarrerak online nahiz egunean bertan erosi ahalko dira, leihatilan, 10 euroan.

2025-12-11T18:23:42+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo