Actualidad

Lagundutako ugalketaren segurtasuna bermatzeko sistema iritsi da EAEra

Osakidetzak prozedura bakarra ezarri du akatsik gerta ez dadin
Ugalketa-prozesuan batere akatsik ez gertatzea zaintzen du sistema berriak. | ARGAZKIA: IREKIA
Ugalketa-prozesuan batere akatsik ez gertatzea zaintzen du sistema berriak. | ARGAZKIA: IREKIA

Laguntza bidezko ugalketari bultzada publiko berria eman zaio Euskadin. Izan ere, Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Giza Ugalketarako Unitateak laguntza bidezko ugalketa-prozesuetarako trazabilitate-sistema berri bat jarri baitu abian. RI Witness izeneko sistema hori erabat aitzindaria da Osasun Sistema Nazionaleko (OSN) ospitale publiko guztietan. Prozedura irrati-frekuentzian oinarritzen da, eta oso helburu garbia du: segurtasuna hobetzea, akatsak prebenitzea eta prozesuaren trazabilitatea eta eraginkortasuna lortzea.

Sistema berritzaile horrek laguntza eskaintzen du in vitro ernalketaren prozesuan, enbrioien, espermatozoideen eta obuluen trazabilitatea bermatuz.

Akatsak saihestu

Roberto Matorras Gurutzetako Ospitaleko Giza Ugalketarako Unitateko arduradunak azaldu zuenez, “ugalketa prozesuan bikote bakoitzak bere enbrioiak (obuluak edo espermatozoideak) erabiltzen dituela ziurtatzen da, akatsak saihestuz”. Bere esanetan, horri esker, sistema berriak “lasaitasuna ekartzen die pazienteei, hutsegiteen beldurrak antsietate handia sor diezaiekeelako”. Era berean, tartean dauden profesionalek ere “babes-mekanismo horri esker, ugalketa-laginak maneiatzearekin lotutako estresa” murrizten dutela nabarmendu zuen.

Sistemaren funtzionamenduari dagokionean, paziente bakoitzak identifikazio-txartel/kode pertsonal bakarra jasotzen duela azaldu du Osakidetzak; eta kode pertsonal bakar hori duten ID etiketak ezar-tzen zaizkie pazientearen laginak dituzten suntsigarri guztiei; horrela, laborategiko lan-eremu bakoitzak ID etiketa horien hari gabeko seinaleak detektatzen ditu. Identifikatu egiten dira, jarraipena egiten zaie eta prozesuaren urrats bakoitzean berriro erregistratzen dira.

Irrati-frekuentziako sistema horrek berresten du uneoro laginen identitatea, eta enbriologoei intseminazioari ekiteko aukera eskaintzen die. Gainera, “laginekin errore bat gertatuz gero”, sistemak ohartarazpena bidaltzen dio enbriologoari, prozedurak geldiarazten ditu eta edozelako akats potentzialak saihesten laguntzen du. Azkenik, enbrioiak transferitu aurretik, pazientearen ID txartela automatikoki identifikatzen da etiketatutako enbrioiaren plakarekin.

Ezin ahaztu, horrelako tratamendu bat jasotzeko osasun publikoko itxaron-zerrenda urte eta erditik gorakoa dela. Esate baterako, Gipuzkoan, mila bikote inguruk hasten dute urtero Osakidetzan, 2012tik hona Donostia Ospitalean eskain-tzen den ugalketa-tratamendua. Araban ere punta-puntako instalazioak badituzte zerbitzu horretarako. Pandemia-garai bete-betean, 2020ko azaroan ekin zion ESIko Laguntza Bidezko Giza Ugalketarako Unitateak teknika horiek erabiltzeari, 650.000 eurotik gorako inbertsioa egin ondoren; asistentzia-gaitasuna, urtean 300 ziklo ingurukoa da.

Txagorritxun aspalditik zegoen Andrologia-laborategia, eta aurreragotik egiten zituzten diagnostiko eta intseminazio artifizialak, bikotekidearen edota emaileen semena baliatuz. Harrez gero, instalazio berriei esker, in vitro ernalkuntzak eta espermatozoideen injekzio intrakitoplasmatikoak ere egiten dituzte.

2023-05-27T06:46:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo