Buscar
Actualidad

Kutxa Fundazioak 'Eraldenea' formakuntza programa berrian izena emateko epea ireki du

Kutxa Fundazioak 'Eraldenea. Partekatu, ikasi, gertutik ekin' izenburuko formakuntza programa berria jarri du martxan eta izen-ematea zabalik dago urriaren 1era arte
Informazio horretatik kanpoko irudia.
Informazio horretatik kanpoko irudia. / Stuart MacDonald

Actualizado hace 7 minutos

Kutxa Fundazioak 'Eraldenea. Partekatu, ikasi, gertutik ekin' izenburuko formakuntza programa berria jarri du martxan eta izen-ematea zabalik dago urriaren 1era arte. "Mundua hobetzeko kezka" duen 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezake, eta gai sozial eta ekologikoekin lotutako hitzaldiak eta Euskal Herrian eraldaketa ekosoziala eragiteko sortutako esperientziatara bisitak egingo dira urriaren 6an hasi eta 2027ko martxoaren 13ra arte.

Antolakuntzako iturriek adierazi dutenez, txikitasunetik abiatuta, arduretaz jabetuz, gauzak zalantzan jarriz eta gure lurraldean ditugun esperientzia "oso baliagarriak" ezagututa, kezka zein soluzioak "gu bezalako jende konprometituarekin partekatzeko gunea" da 'Eraldenea'.

Formakuntza programa adin guztietara zabalik dago eta "mundua eta bere ingurua hobetzeko kezka" duen 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezake. "Ez da horretarako aurretiko inongo esperientziarik behar, nahikoa da munduarekiko ardura eta mundua zein norbere ikuskera eraldatzeko gogoa izatea", esan dute.

Formakuntzak teoria eta praktika batuko ditu. Gai sozial eta ekologikoekin lotutako hitzaldiak antolatu dira, eta Euskal Herrian eraldaketa ekosoziala eragiteko sortu diren hainbat esperientzia bisitatu eta ezagutuko dira bertatik bertara. Programako hitzaldi eta bisita guztiak euskaraz egingo dira.

Hain zuzen, formakuntza lau bloketan egituratuko da, bi hiruhilekotan banatuta, eta aukera izango da denboraldi osoan (lau bloke) eta denboraldi erdian (bi bloke) parte hartzeko. Lehen bi blokeak urriaren 6tik abenduaren 19ra izango dira, eta hirugarren eta laugarren blokeak urtarrilaren 12tik martxoaren 13ra.

BLOKEAK

Lehen blokean 'Planeta' gaia landuko da. Urriaren 6tik azaroaren 7ra bitartean, 'Krisi ekologikoaren diagnostikoa eta bestelako etorkizun posibleak' aztertuko dira Donostiako Cristina Enean egingo diren hiru hitzalditan, eta bukatzeko azaroaren 7an irteera egingo da Urumea arroan kokatutako Fagollaga zentral hidroelektrikora.

Bigarren blokean 'Pertsonak' gaia landuko da, eta, azaroaren 17tik abenduaren 19ra bitartean, 'Sistema honek nor eusten du eta nor uzten du bazterrean?' galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira bizitzak erdigunean jarriz egingo diren hiru hitzalditan. Blokea bukatzeko, abenduaren 19an bisita eta bazkaria egingo dira Lazkaoko Biziola Kooperatiban, elikadura burujabetza sustatu eta Ekonomia Sozial Eraldatzaileen haztegia ere badena.

Hirugarren blokean 'Tokitik zer' gaia landuko da. Balizko eraldaketa izateko euskal markoak, antolaketa ereduak eta digitalizazioa aztertuko dira Cristina Enean egingo diren hiru hitzalditan. Ondoren, otsailaren 13an, bisita eta bazkaria izango dira Aiaraldea Ekintzen Faktoriara, euskaraz egituratutako proiektu eraldatzaile berriak sustatzen dituen.

Azken blokean 'Tokitik zer' gaia osatuko da, eta eraldaketa hemen eta orain gauzatzeko lurralde antolaketa eta kultura aztertuko dira Cristina Enean egingo diren bi hitzalditan. Blokeari amaiera emateko, martxoaren 13an, bisita eta bazkaria izango dira auzoa biziberritzeko sortutako Aginagako Bizimaña Herri Kooperatiban.

Programaren baitan askotariko formatzaileak izango dira, gai sozial eta ekologikoak adar askotatik azalduko dituztenak. Adituak ordezkatuko dituzten erakunde eta elkarteen artean daude BC3 Basque Centre for Climate Change, Gezki, Emagin, Jakin Fundazioa, Orkestra, Ekintzakoop eta HUHEZI, besteak beste.

2026-09-16T16:06:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo