Gipuzkoa

Kulturazek 15 urteak ospatuko ditu Azpeitiko eta Euskal Herriko kultur sarearekin batera

Urriaren 23tik 25era, Sanagustinen, Dinamoan eta Soreasun ospakizunak, sorkuntza kolektiboa eta emanaldiak izango dira protagonistak
Urriaren 25ean, Ibil Bedi taldearen kontzertu-saiakera ikusteko aukera izango da, Sormen Egonaldiak programaren barruan. / I.B.

Azpeitiko Kulturaz Kultur Kooperatibak 15 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko hiru eguneko egitarau berezia antolatu du urriaren 23tik 25era.

Azpeitiko kultur taldeak eta Euskal Herriko hainbat sortzaile elkartuko dira Sanagustin Kulturgunean, Dinamoa Sormen Gunean eta Soreasu Antzokian "15 urte kulturaz gozatzen!" lelopean.

Komunitatearen indarra

Urriaren 23an, ostiralean, Azpeitiko kultur taldeen festa egingo da Sanagustin Kulturgunean.

Herriko hainbat sortzailek bat egingo dute 15. urteurrenaren harira antolatutako ikuskizunean.

Larunbatean, hilaren 24an, sorkuntza kolektiboari buruz hausnartzeko tartea hartuko dute Dinamoa Sormen Gunean, "Hil da Jenioa" jardunaldien bidez.

Egitaraua igandean, hilaren 25ean, amaituko da Ibil Bedi taldearen emanaldi ireki batekin.

Taldeak Soreasu Antzokian egindako sormen egonaldiaren emaitza erakutsiko du, bira berriari begira prestatutako entsegu ireki batean.

Kulturazetik adierazi dutenez, hiru egun hauek "urte hauetan guztietan Kulturaz Kultur Kooperatibaren komunitatea osatu duten pertsona eta talde guztiei eskerrak emateko" baliatu nahi dituzte.

Azpeitiko kultur taldeen festa

Ostiraleko ospakizunak 19.00etan hasiko dira Sanagustin Kulturgunean. Azken 15 urteetan Azpeitiko kultur taldeak izan dira kooperatibaren "motor nagusia", eta topaketaren helburua herriko kultur sarea elkartzea eta urteotako lana elkarrekin ospatzea izango da.

Horretarako, hainbat taldek elkarlanean prestatutako emanaldia eskainiko dute.

Parte hartuko dute Udal Musika Bandak, Luix Beltza dantza eskolak, Itsasi kultur taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak, KBeat taldeko abeslariek, Trikigiro kultur elkarteak, Erniarraitz bertsozale elkarteak, Metal Boskoteak eta Arte eta Diseinu Eskolako ikasleek.

Gainera, Azpeitiko beste hainbat kultur talde ere bertan izango dira emanaldia ikusten.

"Hil da jenioa"

Larunbateko "Hil da jenioa" jardunaldiaren ardatza sorkuntza kolektiboa izango da. Kulturazetik planteatzen dutenez, artistaren bikaintasuna eta originaltasuna baino gehiago, elkarlana izan daiteke sormenaren eragile nagusia.

Aldi berean, artistaren bikaintasunari, ospeari eta marka indibidualari egiten zaion gorazarrea ere izango dute hizpide, baita gizarteak berak dinamika horretan duen parte-hartzea ere.

Dinamoa Sormen Gunetik sorkuntza kolektiboa sustatu nahi dutela azaldu dute antolatzaileek, eta jardunaldiak gai horren inguruan hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko sortu dituzte.

Ekitaldia 10.00etatik 14.00etara egingo da. Goizean zehar solasaldiak eta performanceak izango dira, baita luncha ere.

Kulturazen esanetan, sortzaileen ikuspegi ezberdinak ezagutzea funtsezkoa izango da sorkuntza kolektiboaren inguruko eztabaida aberasteko.

Jardunaldira joateko gonbidapena Kulturazen webgunearen bidez eskura daiteke.

Ibil Bediren entsegu irekia

Urteurreneko egitaraua igandean, hilak 25ean, amaituko da, Ibil Bedi taldearen eskutik.

Taldea Azpeitira joan da disko berria oholtzara eramateko prestaketak egitera, eta Soreasu Antzokian bi asteburuko sormen egonaldia egin ondoren, bertan landutako lana herritarrei erakustea erabaki du.

Ez da ohiko kontzertua izango, baizik eta "kontzertu saiakera", entsegu irekia edo simulakroa Soreasu Antzokian.

Ikusleen iruzkinak, kritikak eta iritziak jasotzeko aukera ere izango dute taldeko kideek 12.30ean hasiko den emanaldian. Pase irekirako sarrerak Kulturazen webgunean orrian lor daitezke

30/09/2026