Larunbatean Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Eguna ospatuko da Zumarragan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza sailak eta udalak elkarlanean antolatuta. Ekitaldiak Zelai Arizti aretoan eta Zelai Arizti pilotalekuaren inguruan izango dira.
Aniztasun kulturalaren inguruko jardunaldia 10.45ean hasiko da Zelai Arizti antzokian, aurkezpen instituzionalarekin. Ondoren, Verdini dantza talde inklusiboak El destello de Verdini pieza eskainiko du. Aniztasun funtzionala duten pertsonek sortu eta interpretatutako lana da: agertokia desberdintasunak aitortu eta ospatzeko espazio bihurtzen du.
Jarraian, Zinekin ikus-entzunezko proiektua aurkeztuko da. Ikus-entzunezko horretan, aniztasun kulturala lantzen dutenen esperientziak jaso dituzte.
13.00etatik aurrerako ekitaldiak kalean izango dira. Hasteko, Hondurasko dantza folklorikoen talde baten eta Booloo Senegal elkartearen emanaldiak izango dira. Senegaldarrak Sapali perkusio taldearekin arituko dira. Bi taldeek Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Ahotsak. Sustrai konektatuak proiektuan parte hartu dute. Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako jardunaldia herritar guztientzako arroz solidarioarekin amaituko da, 14.00etan.
Ekimena Goizane Alvarez foru diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak aurkeztu dute. Bi erakundeek topagune ireki, inklusibo eta parte-hartzaileak sustatzen jarraitzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. “Zumarragak berriz ere erakusten du herri bizia, irekia eta anbizio kulturala duena dela. Jardunaldi honek lehen mailako egitaraua ekarriko du gure herrira, proposamen artistiko, ikus-entzunezko eta komunitarioekin, eta Zumarraga Gipuzkoako aniztasun kulturalaren topagune bihurtuko du”, esan du Zumarragako alkateak.
Ekimenak izaera parte-hartzailea duela nabarmendu du. “Ekimenak gure gazteekin hartutako konpromiso bati erantzuten dio. Gazte Asanbladak udal gobernuari egun multikultural bat sustatzearen garrantzia helarazi zion. Gaur, entzute eta parte-hartzetik eraikitako egitarauarekin, eskaera horri erantzuna ematen diogu. Jardunaldi hau bat dator Zumarragaren nortasuna definitzen duten balioekin: bizikidetza, inklusioa eta aniztasuna. Elkarbizitzan, errespetuan eta komunitate ireki eta kohesionatu baten eraikuntzan aurrera egiten jarraitzen duen udalerria da Zumarraga”, amaitu du alkateak.
Alvarezek kulturak topagune gisa duen eginkizuna azpimarratu du. “Aniztasuna gure eguneroko bizitzaren parte da eta, ondo zainduta, bizikidetza indartzeko tresna oso indartsua da”, azaldu du diputatuak.