Buscar
Gipuzkoa

Josune Gil: idazle berriei laguntzen dien zumarragarra

Noticias de Gipuzkoan lan egin zuen eta Eibar kirol elkartearen emakumezko futbol taldeko prentsa arduraduna izan da
Josune Gil zumarragarra
Josune Gil zumarragarra / Asier Zaldua

Actualizado hace 8 minutos

Josune Gil zumarragarrak Kazetaritza ikasi zuen eta ondoren Komunikazio Digital masterra egin zuen. Noticias de Gipuzkoa egunkarian lan egin zuen eta Eibar kirol elkartearen emakumezko futbol taldeko prentsa arduraduna izan da. Irakurtzea oso gustuko du eta egun idazle berriei laguntzen lan egiten du. Gaur Liburu Eguna ospatuko da. Oparituko diren liburuetako batzuk Gilen laguntzari esker argitaratu dira.

Eibarren lanean ari zen bitartean, liburuen edizio masterra egin zuen, online. “Beti izan dut liburuen munduan lan egiteko gogoa. Agentzietara, argitaletxeetara… curriculuma bidali nuen, baina oso zaila da horietan sartzea. Zorionez, Bartzelonako agentzia batek erantzun egin zidan eta irakurketa txostenak egitea eskaini zidan: galbahe lana egitea, alegia. Idazle berriei zerbitzu hori eskaintzen diete, diru truke. Idazleek liburuak bidaltzen dizkiete eta guk txostenak egiten ditugu. Hilero hiru bat liburu irakurtzen ditut. Kalitatea baloratzen dut eta argitaletxekoek liburu horrekin zer egin erabakitzen dute. Balorazio narratiboa eta balorazio komertziala egiten dut, batetik zazpira. Bostetik beherakoak baztertu egiten dituzte, zuzenean. Ardura handia da niretzako, idazle berri horiek gogor lan egin baitute”.

Horretaz gain, idazle gazteei beraien lanak hobetzen laguntzen diete eta Gilek horretan ere lan egiten du. Egun, bi agentziekin lan egiten du, baina baita bere kasa ere. “Agentziek liburu asko jasotzen dituzte eta beraien galbahea pasatzea oso zaila da. Hori dela eta, nire kasa, idazle berriei beraien lanak hobetzeko zerbitzua eskaintzen hasi naiz. Izan ere, askotan beraiek liburua bukatuta dagoela uste dute, baina ez da hala. Askotan, liburua ona da, baina oraindik badu zer hobetu. Liburua agentzietara bidali aurretik nola hobetu esaten diet”.

Horretarako, sare sozialetan bere profila sortu du. “Idazleei zuzendua dago. Agentziekin lan egiten dudala jarri dut, noski. Hori dela eta, pare batek liburua agentziara bidaltzeko zenbait ordaindu behar dudan galdetu didate. Baina hori ez da nire lana, nire lana liburua agentziara ahalik eta ondoen bidaltzea da. Nik agentziara bidali dezaket, baina ezin dut agentziaren gustukoa izatea bermatu eta, gainera, nahiz eta agentziak gustuko izan, ondoren argitaletxeen gustukoa izatea lortu behar du”.

Josune Gili umetatik gustatzen zaio irakurtzea. “Oso txikitan ikasi nuen irakurtzen. Amak eta izebak asko irakurtzen dute. Nire ustez, horrek eragina izan du”. Idaztea ere gustatzen zaio. “2021etik aurrera elkarrizketak egin dizkiet dolu perinatala pairatu duten emakumeei. Baita abortua izan dutenei ere. Erreportaje moduan idazten hasi nintzen, baina ez zitzaidan formatua gustatu. Gauza asko nahastu nituela iruditu zitzaidan. Nobela bezala idazten ere hasi nintzen, baina ez nengoen gustura. Baina argitaratu egin nahi dut eta aditu batengana jo nuen. Gustatu egin zitzaion eta coach bat jarri behar didate. Nobela gisa argitaratu nahi nuke”.

2026-04-21T19:23:50+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo