Mundo

Jaurlaritzak portuko 35.000 metro koadroko eremu baten erabilpena laga dio Ondarroari

Jaurlaritzak portuko 35.000 metro koadroko eremu baten erabilpena laga dio Ondarroari.
Jaurlaritzak portuko 35.000 metro koadroko eremu baten erabilpena laga dio Ondarroari. / Utzitakoa

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Ondarroako Udalak erabaki dute jarduera sektorialik ez duten eta portuko jarduera nagusirako beharrezkoak ez diren portu-jabariko 35.000 metro koadro lagatzea Bizkaiko udal erakundeari berak kudea ditzan.

Akordioak bermatuko du espazio horri herritarren onurarako erabilera publikoa ematea, eta aspaldiko eztabaidagaia da. Erabilera galdu duten portuko lursailak udalak kudeatzeko lagartzen dira, Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dutenez.

Ondarroaren kasuan, lursail bat Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko portu-jabarian dago, eta itsasadarraren bi ertzetan dauden lursailei dagokie.

Akordioaren baitan, Ondarroako Udalak konpromisoa hartu du portura sartzeko errepideko trafikoa Txorierrekako biribilgunetik portuko sarreraren ondoko biribilguneraino kudeatzeko -Calatrava zubia zeharkatzen duen errepidea, aparkalekuak barne-.

Jaurlaritzaren arabera, sortu berri diren portuetako udal kontseiluetan koordinazio eta elkarrizketa mahaiak abiatzearen barruan kokatzen da ekimena, bai eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak udalerrien eta haien portuen arteko harremana areagotzeko emandako bultzadaren barruan ere.

Azaldu dutenez, "helburua da portuaren eta herriaren arteko harremanak harmonizatzea, lankidetzaren eta elkarbizitzaren bidez eta jatorrizko erabilera galdu duten portu jabariko espazioak herritarren mesederako erabili eta baliatuko direla bermatuz".

Akordioak barne hartu duen eremuak 35.545,26 metro koadro ditu, 30.469,60 metro koadro hiri lurren lagapen moduan, eta 5.075,66 metro koadro trafikoa kudeatzeko.

Jaurlariotzako Itsasertzaren Garapeneko, Portuetako eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak arrantza portuko, kirol portuko, Calatrava zubiko, ur laminako eta Artibai ibaiaren ertzetako eskumena mantenduko du.

2025-03-03T10:00:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo