Gipuzkoa

Irungo Eraiki Dantza Taldeak bilera egingo du Iñudeen eta Artzainen konpartsa antolatzeko

Hitzordua igande honetan, urtarrilak 11, izango da, Behobiako auzo elkartean eguerdiko 12.00etan
Irungo Iñudeen eta Artzainen konpartsa Zabaltza plazan.
Irungo Iñudeen eta Artzainen konpartsa Zabaltza plazan. / N.G.

Eraiki Dantza Taldea otsailaren 8an Irunen egingo den Iñudeen eta Artzainen konpartsa antolatzen hasi da dagoeneko. Desfilearen nondik norakoak zehazteko asmoz, taldeak bilera bat egingo du igande honetan, urtarrilak 11, Behobiako auzo elkartean eguerdiko 12.00etan.

Bertan, dantzariek Eraiki taldeak antolatutako ekitaldian izena emateko aukera izango dute eta konpartsa osatzen duten pertsonaiak banatuko dira. Iñudeen eta Artzainen eguna otsailaren 8an ospatuko da aurten Irunen, ohiko moduan, Inauterien aurreko igandean. Urtero bezala, Irungo kale nagusiak zeharkatzen dituen desfile honetan adin guztietako dantzariek parte hartu ahalko dute.

Iñudeak eta Artzainak ez dira desfileko pertsonai bakarrak izango. Izan ere, medikuak, erizainak, apaizak, alkateak, baserritarrak eta bestelako pertsonai osagarriak ere ezinbestekoak baitira. Urtarrilaren 11eko bileran konpartsan izena emateko epea irekiko da eta inskripzioa desfilean parte hartzeko interesa duten pertsona ororentzat zabalik egongo da, bai pertsonai zein dantzari gisa.

2026-01-09T12:47:11+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo