Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria prezioak %1,2 jaitsi dira ekainean aurreko hilabetearekin alderatuta, eta azken 12 hilabeteetako aldakuntza jasotzen duen ekaineko urte arteko tasa %4,2 igo da, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Azterketa xehatuagoa eginda, energia elektrikoa, gasa eta lurruna eta zuraren, paperaren eta arte grafikoen industria sektoreen prezioek izan dute igoerarik esanguratsuena ekainean aurreko hilabetearekin alderatuta, %3,7koa eta %1,8koa, hurrenez hurren. Aitzitik, prezioan hil arteko jaitsierarik handiena izan duen sektorea koke lantegiak eta petrolio fintzea izan da, %12,1eko murrizketarekin.
Helburu ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraikiz, maiatzarekin alderatuta ekainean prezioetan gora egin duten bakarrak bitarteko ondasunak izan dira, %0,8ko igoerarekin; energiaren prezioak %7,6 jaitsi dira, eta ekipo ondasunen eta kontsumo ondasunen prezioak %0,3na.
Bestalde, urtetik urtera, koke lantegiak eta petrolio fintzea (%21,3) eta industria kimikoa (%14,8) adarretan gertatu dira prezioen igoerarik handienak, eta zuraren, paperaren eta arte grafikoen industria (-%3,9) eta elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (-%3,2) adarretan beherakadarik handienak.
Azkenik, helburu ekonomikoaren arabera sailkatutako ondasun talde handien prezioen urtetik urterako aldakuntza positiboa izan da energian (%17,1), ekipo ondasunetan (%3,0) eta bitarteko ondasunetan (%2,1), eta negatiboa kontsumo ondasunetan (-%3,0), ondorioztatu dute.