Actualizado hace 4 minutos
Urola Kirol Elkarteak, Urretxu eta Zumarragako udalen laguntzarekin, Iñaki Mendiluze Txugiren oroimenezko futbol txapelketaren 29. edizioa antolatu du. Aurtengo berrikuntza data aldaketa da: orain arte Ostegun Santu egunean jokatu izan da eta aurten, berriz, Pazko Asteko larunbatean jokatuko da: apirilaren 11n.
Ikusle gehiago erakartzeko egin dute aldaketa. Txugi oso pertsona maitatua zen eta urtero jende asko elkar-tzen da Argixaon, baina beste askok ezin dute txapelketaz gozatu eta Txugi bertatik bertara omendu, Aste Santuko oporretako bidaiak direla eta. Hori dela eta, antolatzaileek txapelketa Pazko Asteko larunbatera pasatzea erabaki dute. Data aldaketak arrakasta badu, mantendu egingo dute. Bestela, lehengora itzuliko dira.
Aurtengo txapelketan 16 taldek parte hartuko dute: zortzi emakumezkoenak izango dira eta beste zortziak gizonezkoenak. Emakumezkoen txapelketan haur mailako neskek parte hartuko dute. 2012an eta 2013an jaioak, hain zuzen ere. Real Sociedad, Ilintxa, Goierri Gorri, Aloña Mendi, Tolosa, Intxurre, Urola ATA eta Urola Hirurok taldeek parte hartuko dute.
Gizonezkoen txapelketan, berriz, kimu mailako mutikoek parte hartuko dute. 2014an jaioek, alegia. Real Sociedad, Ilintxa, Idiazabal, Ordizia, Aloña Mendi, Tolosa, Bergara eta Urola taldeek parte hartuko dute.
Mutilen lehen fasea 9.00etan hasiko eta neskena 9.30ean. 12.00etan Mendiluze omenduko dute. Ekitaldian bere senitartekoek parte hartuko dute. 13.15ean bigarren fasea hasiko da. 13.45ean Kopako finala jokatuko da eta 14.15ean Txapeldunen Ligakoa. Sariak 14.45ean banatuko dira.
Partidak Argixaoko bi zelaietan jokatuko dira: Mitxel Badiola eta Luis Urdangarin. 20 minutuko iraupena izango dute. Lehen fasean talde guztiek hiru partida jokatuko dituzte. Talde bakoitzeko lehen bi sailkatuek Txapeldunen Liga jokatuko dute eta hirugarren eta laugarren sailkatuek Kopa. Lehenengo finalerdia jokatuko dute eta ondoren finala.
Txapelketa ostiralean aurkeztu zuten Argixaoko Iñaki Mendiluze aretoan. Ekitaldian Felipe Elgarresta Urolako lehendakariak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Mendiluze omenduaren iloba da.
Elgarrestak Urolako kideentzat Mendiluzeren oroimenezko txapelketa “urteko egun politena” dela esan zuen. Luquiri eta Mendiluzeri hitza eman aurretik, bi udalei eskerrak eman zizkien txapelketaren antolaketan parte hartzeagatik.
Mendiluzek ilusioaz hitz egin zuen. “Ekimen kolektiboetako ezaugarri nagusia ilusio partekatua da. Nire osabaren oroimenezko txapelketa ere horrelakoa da: parte hartzen duten haurren eta beraien gurasoen ilusioa pizten du, ikusleen ilusioa pizten du... Eta, noski, senitartekooi ere ilusio handia egiten digu txapelketa honek”.
Luquik Mendiluze gogoratu zuen. “Txapelketa hau heltzen denean, Iñaki etortzen zait burura, noski. Eta Iñaki gogoratzea, bere baloreak gogoratzea da. Oso pertsona berezia zen eta bere memoria mantentzea oso garrantzitsua da”.