Gipuzkoa

Ihote festa ostiralean lehertuko da Oiartzunen, egitarau trinkoarekin

Gaueko autobus zerbitzua jarriko dute zortzi auzoetarako larunbatetik igandera
Iazko ihoteen etorrera.
Iazko ihoteen etorrera. / N.G.

Actualizado hace 2 minutos

Ostiraletik igandera, Ihote festa izango da protagonista Oiartzunen, eta otsailaren 6ko goizetik bertatik, ikastetxeetan festa giroa nagusituko da, eta arratsaldean ekingo diote kalez kale egingo den egitarauari.

15.00etan, haurrek Beheko plazan egingo dute hitzordua, eta handik Doneztebera bidea hartuko dute ihoteei dei egiteko burrunbarekin. 16.30ean amaituko da burrunba, eta 16.45ean, txokolatada izango da herriko plazan. Iluntzean, 19.30ean, intxixu, basandre eta sorginak iritsiko dira plazara; ordura arte ere giroa berotzen joango da, azeri eta sorgin dantzekin. Ihote Taldeak festan zakuz jantzita parte hartzeko deia egin du.

Larunbatean, otsailaren 7an, auzoz auzoko kuestazioa egingo da 9.00etatik aurrera. Antolatzaileen arabera, aurten ere parte-hartze handia espero da. Bazkaldu ostean, 18.00etan, auzotarrak Doneztebe plazako Kataxulon elkartuko dira, eta Ihote Berbeneroak alaituko du ilunabarra.

Igandean, otsailaren 8an, 9.00etan izango da txistularien diana. 11.00etan, karroxa eta kalejira abiatuko dira Elizalde auzoko Beheko plazatik. Asteburuari amaiera emateko, 19.00etan, intxixu, basandre eta sorginek martxa egingo dute datorren urtera arte, eta, herrian barrena ibili ondoren, Kataxulora itzuliko dira deskantsura.

Mugikortasuna errazteko neurriak

Jaiek jende ugari erakarriko dutela aurreikusita, Udalak mugikortasun neurri bereziak iragarri ditu. Larunbat gauean, Xorrolak zerbitzu berezia eskainiko du: orduero autobusak ibiliko dira 22:00etatik 06:00etara, herriko zortzi auzoak lotuz. Ibilbidea Manuel Lekuona liburutegiaren ondoko autobus geltokitik hasiko da, eta Xanisteban gauetan egiten den ohiko bidea jarraituko du, lehenik plazatik urrutien dauden auzoetara joanez.

Ihote eta basandria Xorrolan.

Ihote eta basandria Xorrolan. N.G.

Geltokiak honakoak izango dira: Elizalde (liburutegia), Gurutze (Bizardia plaza), Ergoien (Tornola kalea), Altzibar (Zokoloko zubia), Karrika (plaza), Iturriotz (Bekosoro), Ibarre (gasolindegia), Elizalde (Pikabene), Ugaldetxo (Intxixu parean), Arragua (Lartzabal etxadia) eta Mendin (frontoi gainean).

Udalak ohartarazi du ostiral eta igande arratsaldeetan pilatuko dela jende gehien herriko plazan, eta herritarrei oinez edo garraio publikoan joateko gomendioa egin die.

Autoa erabili behar dutenentzat, ohiko aparkalekuez gain, Elizalde eskolako eremua irekita egongo da ostiral arratsaldetik igande gauera. Horrez gain, espaloi eta errepide bazterretan aparkatu ez dadin eskatu du Udalak.

Etiquetas
2026-02-05T13:24:36+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo