Azkoitiako Udaleko Euskara sailak, Hike eizan! taldearekin elkarlanean, I.Hike Praktikak egitasmoa jarri du martxan, hitanoaren erabileran trebakuntza jaso nahi duten herritarrei zuzenduta.
“Mutil eta neska, toka eta noka Azkoittiko hike, jo ta ke” lelopean, Xabier Eizagirrek zuzenduko ditu saioak.
Elkargunean
Lau saio izango dira guztira emango direnak: gaur, martxoak 16an, apirilaren 21ean, maiatzaren 19an eta ekainaren 16an, hain zuzen. 18.30etik 20.00etara eskainiko dira Elkargunean (Altzibar edo Oteiza aretoan).
Ez dago aurrez izena eman beharrik. Interesa duen oro gonbidatuta dago Udalak antolatu duen ekimenera.
Saioetan parte hartzeko, ezarritako egun eta ordutegian bertaratu besterik ez da egin beharko.
Euskararekiko ondarea
Ekimena hitanoa sustatzeko eta indartzeko Udalak azken urteetan egiten ari den ahaleginaren baitan kokatzen da, 'Azkoittiko Hike Poltsikun' liburuxka liburuxka edota Azkoitirako Appa Hi aplikazioaren osagarri.
Marijose Arregi Euskara zinegotziaren hitzetan, garrantzitsua da tokari eta nokari eustea, eta horretarako “esfortzua egin beharra dago, hikaren erabilera atzeraka doalako. Eta eskertzekoa da Xabier Eizagirre bezalako jendearen ezagutza eta erakusteko prestutasuna. Ezin dugu gure ahozko ondarea galdu. Horregatik, euskararekiko sentsibilizazioa duen oro saioetan parte hartzera animatzea nahiko genuke”.