Gipuzkoa

Hernanikomik azoka burutuko da asteburuan Atsegindegin

Euskal komikiaren azokak Patxi Huarte ‘Zaldieroa’ omenduko du Joseph Camino sariarekin
Hernanikomik azoka Atsegindegin. / N.G.

Hernanikomik euskal komikiaren azokaren bosgarren edizioa egingo dute azaroaren 20an eta 21ean, Hernaniko Atsegindegi plazan. Euskal komikigintza sustatu eta ezagutaraztea helburu duen ekimenak bi eguneko egitaraua izango du, argitaletxeen postuak, komiki-aurkezpenak, sinatze saioak eta zuzeneko marrazketa. Aurtengo edizioan, Patxi Huarte Zaldieroa komikigilea omenduko dute Joseph Camino sariarekin.

Gaur egun Hernanikomik da euskarazko komikiari eskainitako plaza bakarra eta aurtengo egitarauan aurkeztuko dituzten lan gehienak udazkeneko berritasunak izango dira, eta askotariko gaiak eta proposamen artistikoak bilduko dituzte. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, bi egunetan.

Arestian aipatu bezala, bosgarren edizio honetan Patxi Huarte Zaldieroa izango da omendua. Joseph Camino sariaren bidez, euskal komikigileen ibilbidea aitortu nahi dute antolatzaileek. Azoka honen antolatzailea den Dani Fanok aurkezpenean azaldu zuenez, Zaldieroak komikigile gisa jasoko duen lehen aitortza izango da.

Haren iritziz, Zaldieroa komikigilea baino gehiago ere bada: bineten bidez zabaltzen du bere pentsamendua, modu sintetikoan. “Bazen garaia komikigintzatik aitorpena egiteko”, adierazi zuen.

Haren ibilbideari eta lanari buruzko erakusketa ere ikusgai dago Biteri kultur etxean, azaroaren 25era arte. Erakusketa azokaren egunetan ere bisitatu ahal izango da. Bestalde, iazko omenduak, Lopek, egin du aurtengo Hernanikomiken kartela.

Komikigintzaren oparotasuna

Aurkezpenean, Dani Fanok azken bi hamarkadetan euskal komikigintzak izan duen bilakaera nabarmendu zuen. Duela hogei urte, haren esanetan, euskarazko komiki-ekoizpena urria zen, egile gutxi ari ziren lanean eta argitalpen gutxi kalera-tzen ziren. Gaur egun, ordea, egoera aldatu egin da: sortzaileen kopurua handitu da, urtero lan gehiago argitaratzen dira eta komikiak plazaratzen dituzten argitaletxe gehiago daude.

Hazkunde horren erakusgarri da, Fanoren arabera, Hernanikomik bera ere. Lehen euskarazko komikien eskaintza mugatua zen; orain, berriz, azokaren egitaraua osatzeko hautaketa egin behar izaten dute antolatzaileek, dagoen ekoizpen kopuruagatik.

Aurkezpenean Hernaniko Udaleko Kultura zinegotziak, Aitor Huizik, eta azokaren antolakuntzan ari den Ainara Azpiazu Axpi artistak parte hartu zuten ere.

Huiziren hitzetan, gaur egun Hernanikomik da euskarazko komikiari eskainitako plaza bakarra. Azokaren antolakuntzan, Hernaniko Udal Liburutegiak eta euskal komikigileek elkarlanean jarduten dute. Zinegotziak nabarmendu zuenez, erakunde publikoen baliabideak beharrezkoak dira, baina ekimenek aurrera egiteko sektorearen inplikazioa ere funtsezkoa da.

Huizik eta Fanok azokaren atzean dagoen auzolana ere goraipatu zuten. Fanoren hitzetan, euskal komikigintzak behar zuen bere plaza, eta Hernanikomik horretan bihurtu da: “Hemen, euskal komikigileak ez gara kuota: nagusi gara”. Antolatzaileek euskal komikizale guztiak gonbidatu dituzte azaroaren 20an eta 21ean Hernanira joatera

19/11/2026