Gipuzkoa

Hernanik 'Sorbeltzak' proiektua aurkeztu di kultur aniztasuaren inguruan

Kulturartekotasuna eta natura uztartzen dituen ipuina eta materiala argitaratuko dira ikastetxeetan banatzeko
'Sorbeltzak' proiektuaren aurkezpena. / N.G.

Urumea Ikastolak, Alberdania argitaletxeak eta Hernaniko Udalak elkarlanean Sorbeltzak proiektua aurkeztu dute maiatzaren 21ean, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna baliatuz. Ekimenaren bidez, kulturartekotasuna eta natura uztartzen dituen ipuina eta hari lotutako material didaktikoa argitaratuko dituzte, 2026/2027 ikasturtearen hasieran Hernaniko ikasgeletara eramateko asmoz.

Proiektuaren abiapuntua Urumea ikastolan dago. Bertan sortu dute Xor eta Beltz: mundu bat guztiontzat ipuina, eta Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleekin landu dute ikasturte osoan zehar hari lotutako proposamen pedagogikoa. Migrazioen gaia eta ingurumenaren ikuspegia uztartzen ditu kontakizunak, sorbeltzen migrazio bidaia ardatz hartuta. Urtero milaka kilometro egiten dituzten hegazti horien esperientzia baliatu dute ikasleek migrazio prozesuak, biziraupena eta kultur aniztasuna modu hurbil eta ulergarrian lantzeko.

Edukiaren sorkuntzan Maialen Diaz de Cerio eta Ane Aierbe aritu dira buru-belarri, Iñaki Sanz Azkue biologoaren laguntzarekin. Gainera, proiektua osatzeko aholkularitza jaso dute Alberdania argitaletxetik eta Parean elkartetik.

Egitasmo estrategikoa

Ekimenak, ordea, ikastola barruko esperientzia izatetik harago joateko asmoa du. Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun sailak balio estrategikotzat jo du egitasmoa, eta herriko ikastetxe guztietara zabaltzeko apustua egin du. Itsaso Lekuonaren esanetan, “ezinbestekoa eta estrategikoa da horrelako gaiak herriko ikastetxe guztietan umetatik lantzea”, elkarbizitza eta aniztasunarekiko begirada eraikitzeko.

Horrenbestez, datorren ikasturtean Hernaniko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleek jasoko dute material didaktikoa. Ikasgelan erabiltzeko prestatutako proposamen pedagogikoak QR kode baten bidez eskuratu ahal izango dira liburuan bertan.

Proiektuak Hernanitik kanpoko zabalkundea ere izango du. Izan ere, Alberdaniak datorren irailean argitaratuko du lana, eta horri esker Euskal Herriko beste hainbat ikastetxetara ere iritsiko da. Sustatzaileen arabera, helburua da haurrek txikitatik kultur aniztasuna, migrazio prozesuak eta ingurumenarekiko errespetua modu integralean lantzea, hezkuntza tresna berritzaile baten bidez.

21/05/2026