Gipuzkoa

Hernanik gazteen aholkularitza psikologiko zerbitzua indartu du

Nerabeei eta gurasoei zuzendutako saioak izango dira hilabetero, gai zehatzak lantzeko
Aholkularitza psikologiko zerbitzuaren aurkezpena. / Aitziber Muga

Hernaniko gazteentzako aholkularitza psikologiko zerbitzuak martxan jarraituko du aurten ere, 16 eta 30 urte bitarteko hernaniarrei zuzenduta. Udalak sustatutako baliabide honen helburua da gazteei beren burua hobeto ezagutzen, nortasuna indartzen eta emozioen ezagutza zein kudeaketa lantzen laguntzea, ikuspegi prebentibo eta integratzailetik. Zerbitzua erabat pertsonalizatua eta doakoa da. 

Aurten, gainera, zerbitzua indartu egingo da, eta berrikuntza gisa, hilean behin gai zehatz baten inguruko tailer bana eskainiko da psikologo adituen eskutik. “Gazteen eta nerabeen osasun mentalean zuzenean eragiteaz gain, prebentzioa sustatzea da asmoa”, azaldu du Aitor Lukasek, Gazteria zinegotziak.

Hamar saio

Urtean hamar saio antolatuko dira, urtarriletik abendura, uztailean eta abuztuan etenaldia eginez. Guztiak doakoak izango dira. Tailerrak hartzaile desberdinei zuzenduta egongo dira: batzuk nerabeei bereziki, eta beste batzuk haien gurasoei, familiei tresnak eskaintzeko helburuarekin.

Lehen hiru saioetan honako gaiak landuko dira: harremanak (nerabeei zuzendutako saioa, urtarrilaren 27an); harreman osasuntsuak eta mugen kudeaketa (nerabeen gurasoei zuzendua, otsailaren 25ean); eta autoestimua eta autoirudia (nerabeentzako saioa, martxoaren 25ean).

Tailer hauek Aristizabal kaleko lokalean izango dira, 18.00etatik 20.00etara. Udalak azpimarratu du ekimenaren bidez laguntza eskuragarria, konfiantzazkoa eta gertukoa eskaini nahi zaiela gazteei eta haien familiei, ongizate emozionala indartzeko eta arazoak agertu aurretik horiei heltzeko.

Bi urteko ibilbidea

Hernaniko Udalak duela bi urte martxan jarri zuen gazteentzako aholkularitza psikologiko zerbitzua. Hernaniko herritarren %14 adin-tarte horretakoa da. Hori dela eta, “Udalak arduraz eta gazteek merezi duten garrantzia eta errespetu guztiarekin” zerbitzu hau martxan jartzea erabaki zuen.

Zerbitzu honen aurkezpenean Lukasek azaldu zuenez, Hernaniko herritarren ongizatea Udalarentzako lehentasuna da: “Osasuna herritarren ongizatearen oinarrizko zutabeetako bat da eta egun osasungintza publikoan dugun blokeoak zuzenean eragiten gaitu gazteoi”.

Pandemiaren ondorioak pairatzen ari gara: ziurgabetasuna, gehiegizko albiste negatiboak, urruntze soziala eta familiarra, pantailak gehiegi erabiltzea, krisi ekonomikoa... gure osasun mentalean zein emozionalean eragiten dute”, gaineratu zuen orduan zinegotziak.

Horiek horrela, Hernaniko Udaleko Gazteria sailak “bere alea” jarri nahi izan zuela azaldu zuen Lukasek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren beraren inkesten arabera, 16-30 urte arteko gazteen %8,3k antsietate eta depresio-sintomak izan zituen.

Hitzorduak

Hitzorduak hartzeko aukera zabalik dago: gazteaholkularitza@hernani.eus-era idatzita edo 747 487 343 telefonora deituta. Saioak asteartero izango dira, 18.00etatik 21.00etara, Aristizabal kaleko lokalean. 

Gogorazi dutenez, aholkularitza psikologiko zerbitzu hau hainbat gai lantzeko prestatua dago: osasun mentala, osasun emozionala, autozainketa, elikadura-portaera nahasmenduak, menpekotasun egoerak, familia harremanak, harreman sozialak...

12/01/2026