Gipuzkoa

Harixa sarea Debagoiena osora zabaldu dute, lan mundua euskalduntzeko

Guztira, 70 eragilek, horien artean 56 enpresak, hiru urterako konpromisoa hartu dute euskararen erabilera sustatzeko
Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan Debagoieneko 70 eragilek sinatu dute hiru urterako konpromisoa jasotzen duen Harixa hitzarmena.
Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan Debagoieneko 70 eragilek sinatu dute hiru urterako konpromisoa jasotzen duen Harixa hitzarmena. / Harixa.

Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko enpresen eta eragileen arteko sarea osatu dute Harixa Debagoiena ekimenaren bidez. Bergaran azken hiru urteetan egindako lana oinarri hartuta, eskualde osora zabaldu dute proiektua. Guztira, 70 eragilek, horien artean 56 enpresak, Harixa hitzarmena sinatu dute lan mundua euskalduntzeko. Hiru urterako konpromisoa jasotzen duen akordioa ostegun honetan aurkeztu dute Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan. Egitasmoak Debagoieneko Mankomunitatearen eta udalen babesa du.

Hitzarmenak oinarrizko lau konpromiso jasotzen ditu: enpresa bakoitzean Harixa programaren solaskide bat izendatzea, hizkuntza-egoeraren diagnostikoa egitea, sinatzaileen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatzea eta urtero ekintza berri bat jasoko duen egitasmoa zehaztea. Horrez gain, enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako beste neurri batzuk ere aurreikusten dira, hala nola Lanbide Heziketako ikasleei euskarazko praktikak eskaintzea, langileei euskara ikasteko edo praktikatzeko aukerak ematea eta hizkuntza-irizpideak ezartzea.

Enpresa guztiei irekita dago

Hitzarmena sinatu duten erakundeek Debagoieneko Mankomunitatearen laguntza izango dute konpromisoak garatzeko eta betetzen direla bermatzeko. Izan ere, erakundeak beharrezko giza baliabideak jarriko ditu ekimena dinamizatzeko eta haren jarraipena egiteko. Harixa, gainera, eskualdeko enpresa guztiei irekita dago, eta ekimenarekin bat egin nahi dutenek www.harixa.eus webgunearen bidez jar dezakete harremanetan egitasmoaren arduradunekin.

2026-11-27T12:51:41+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo