Bizkaia

Gaztedi dantzari taldea, 75 urte euskal kulturaren haria josten

Gaztedi Dantzari taldea sarituko dute Dantza Tradizionalaren Esker Oneko X. ekitaldian, 75 urtetan zehar egindako lanagatik
Agertokian ikusten den argazkiaz haratago, elkartea osatzen duen giza sarea oso zabala da Santutxun / Gaztedi dantzari taldea

Gerra osteko garai ilun eta zailetan ere, euskal kulturak zirrikituak bilatzen zituen argia ikusteko eta komunitatea ehuntzen jarraitzeko. Giro horretan jaio zen, 1951. urtean, Bilboko Santutxu auzoan, Jose Antonio Goiria ‘Aita Txanton’ Karmeldarraren eta gazte euskaltzale talde baten ekimenari esker, ‘Talde Gazte’ izeneko euskal dantza taldea. Dindirri taldearen laguntza teknikoarekin emandako lehen urrats haien ondoren, taldeak Gaztedi Dantzari Taldea izena hartu zuen, gaur egun Bizkaian martxan jarraitzen duten euskal dantza-talde zaharrenetako bat bihurtzeraino.

Hiru mende laurdeneko ibilbide honetan, Gaztedi euskal folklorearen bilketa, transmisio, hedapen eta ikerketan ezinbesteko erreferentzia puntu bihurritu da. Bilbon eta Santutxun erro sakonak dituen arren, taldearen jarduna Euskal Herriko zein nazioarteko agertokietara zabaldu da urtez urte: Estatuko erkidego ezberdinetan, Frantzia, Portugal, Txekiar Errepublika, Italia edo Errumanian erakutsi dute beren lana, betiere independentzia eta autogestioa oinarri dituen lan-ereduari leial mantenduz.

Gaur egun, taldeak osasun bikaina erakusten du, transmisio-kateak ez baitu etenik izan. Urtero 120 haur inguruk parte hartzen dute taldeak antolatutako euskal dantza ikastaroetan, haiek baitira biharko Gaztedi osatuko dutenak, eta helduentzako ikastaroak ere eskaintzen dituzte, folklorea auzo osoan zabaltzeko asmoz. Horrez gain, urtean zehar ekitaldi komunitario ugari bultzatzen dituzte: Santutxuko Inauteriak, San Juan Gaua, Santutxuko Jaiak, Bilboko Aste Nagusia, Bizkaiko zein Euskal Herriko Dantzari Egunak, Olentzero eta Bilboko Udalaren Bilbo Dantzan programako saioak.

Hiru mende laurdeneko mugarri honen harira, taldeak atzera eta aurrera begiratzen du, eginiko bidea aitortu eta etorkizuneko erronkei heltzeko gogoz. “Lehenik eta behin, ohore handia sentitzen dugu”, azaldu dute Gaztedi Dantzari Taldeko kideek 75. urteurrenaren inguruan galdetzean. “75 urte hauetan Gaztedik izan dituen lorpenek ohore handia sentiarazten digute. Belaunaldi guztiek lan handia egin dugu taldearen xarma bizirik mantentzeko. Horrez gain, etorkizunari begira, espero dugu datozen urteetan ere Gaztedik ilusioz eta indarrez jarraitzea, gure ondareari eutsiz eta bide berriak urratuz”.

Agertokian ikusten den argazkiaz haratago, elkartea osatzen duen giza sarea oso zabala da Santutxun. “Talde aktiboan 25 bat gazte ikusi arren, Gaztedi osatzen duen jendea asko da. Alde batetik, urtez urte Gaztedi sortzen joan diren beste zazpi belaunaldi daude. Bestetik, hainbat ume eta gazteren talde ditugu, etorkizunean Gaztedi bizirik mantenduko dutenak. Eta, nola ez, ezin ditugu musikariak aipatu gabe utzi. Ekitaldiz ekitaldi gurekin egon diren 12 musikariekin batera gure urratsa utzi ahal izan dugu urte hauetan guztietan”, azpimarratzen dute.

Ospakizun urtea izaten ari da 2026a Santutxuko dantzarentzat, urte hasieratik egitarau berezia garatu baitute urteurrena gainerako herritarrekin partekatzeko. Urtarrilak erromeria batekin ireki zituen ateak, urteurrenaren berri emateko; apirilean Euskal Jaia ospatu zuten auzoan, eta Bilboko Aste Nagusian ere ekitaldi berezia antolatu zuten, belaunaldi guztiak oholtza gainean elkartuz. Urteari amaiera gozoa emateko, Azaroaren 29an Euskalduna Jauregian bilduko dira: 200 dantzari inguruk emanaldi berezia eskainiko dute hiru mende laurdeneko historiaz jantzitako ikuskizun batean.

Gaztedi dantzari taldeak osasun bikaina erakusten du, transmisio-katea mantenduz Gaztedi dantzari taldea

Gaur egungo gizarte digitalizatu eta azkarrean dantza tradizionalaren haria ez galtzea da elkartearen erronka nagusietako bat. Horretarako, garaiko gizarte-aldaketetara egokitzeko urrats sendoak eman dituzte azken urteetan. “Gure ustez ezinbestekoa da euskal kultura eta folklorea zabaltzea eta bizirik mantentzea. Horretarako, gaur egungo gizartera egokitzeko beharra nabaritu genuen. Horregatik, azken urteetan aldaketa nabaria egin dugu gizon eta emakumeen dantzen arteko bereizketarekin hausteko asmoz. Hala ere, oraindik lana dugu egiteko, eta jarraituko dugu bereizketa eta estereotipoak apurtzen”, adierazi dute taldeko ordezkariek.

Dantza Tradizionalaren Esker Oneko aitortza honek atzera begirako samurra eta etorkizunerako indarra ematen die: “Gaztedi Dantzari Taldearen 75. urteurrena ospatzeak, harrotasun eta esker on handia suposatzen du guretzat. Urte hauetan guztietan taldeak egindako ibilbidea eta lortutako guztia aitortzea da, baina baita belaunaldi askok egindako lanaren, ahaleginaren eta ilusioaren aitortza ere. Azken finean, 75 urte hauek erakusten dute dantza eta euskal kultura bizirik mantentzeko egindako lana ez dela alferrikakoa izan. Oso polita da ikustea belaunaldiz belaunaldi Gaztediren espirituak bizirik jarraitzen duela eta oraindik ere jendea batzen duela”.

Dantza talde bat baino askoz gehiago, Gaztedi euskal kulturaren parte aktiboa da, auzotik mundura zabaltzen den sustrai eta adar sendoz osatutako komunitate bizia.

22/09/2026