Araba

Gazte Hitzak 2026 literatur lehiaketaren sariak banatuko dira larunbatean Gasteizko Montehermoson

Erakusketa LABEn egongo da ekainaren 26ra arte eta asteazkenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 17:30etik 20:30era
Gazte Hitzak 2026 literatur lehiaketaren sariak banatuko dira larunbatean Gasteizko Montehermoson. / Utzitakoa

Gasteizko 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Hitzak literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da larunbatean, maiatzaren 30ean, Montehermoso Kulturunean. 2026ko edizioan aurkeztutako ipuin eta nanoipuin onenak saritu eta hautatutako testuetako batzuk irakurriko dituzte bertan, eta ondoren, Labe Gazte Laborategiak saritutako lanen ilustrazioak biltzen dituen erakusketa irekiko du.

Gasteizko Udaleko Gazteria eta Kulturako zerbitzuek bultzatzen dute lehiaketa, eta IDArte Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolaren laguntza eta Laboral Kutxaren babesa du.

Oihana Arana idazle eta bertsolariak eta Mikel Ayllon idazle eta antzerkigileak hartuko dute parte ekitaldian, aurtengo edizioko epaimahaikideak, eta apirilean eta maiatzean ipuinen kategoriako irabazleekin batera egindako mentoretzaren arduradunak izan baitira. Hain zuzen ere, mentoretza horietan, haien literatur proposamenak hobetzen eta garatzen lagundu diete.

Era berean, Itziar Uriarte idazlea ere bertan izango da. Nanoipuinen kategoriako irabazleei eta epaimahaiak aukeratutako lau ipuin eta nanoipuinen egileei zuzendutako sorkuntzako idazketa tailerra dinamizatzeaz arduratuko da.

Sonia Diaz de Corcuera Kulturako zinegotziak eta Ana Lopez de Uralde Gazteriako zinegotziak parte hartzaileen kalitateari eta ahaleginari balioa eman diete, eta herritarrak sari banaketa ekitaldira hurbiltzera animatu dituzte, "talentu gaztea aitortzeko eta hautatutako literatur sorkuntzez gozatzeko aukera bikaina izango delako".

Nanoipuin eta ipuin sarituak IDarte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolako Ilustrazio Zikloko 1. mailako ikasleek ilustratu dituzte. Horiek guztiek, datorren larunbatetik aurrera Labe Gazte Laborategian bisitatu ahal izango den argitalpen eta erakusketa ibiltaria osatuko dute. Erakusketa Montehermoson sariak banatu ondoren inauguratuko da, eta Eromena DJak emanaldia eskainiko du San Bizente Paulekoaren kaleko 21 zenbakian dagoen udal lokalaren kanpoaldean.

Erakusketa LABEn egongo da ekainaren 26ra arte eta asteazkenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 17:30etik 20:30era. Udako etenaldiaren ondoren, hiriko hainbat gizarte etxe bisitatuko ditu erakusketak: irailaren 14tik 27ra Ibaiondon egongo da, irailaren 28tik urriaren 8ra Pilarren eta urriaren 9tik 22ra Iparralden.

Testu irabazleak eta epaimahaiak hautatutakoak eta egindako ilustrazioak Gasteizko Udalaren webgunean eskuragarri dagoen katalogoan kontsulta daitezke.

28/05/2026