Vida y estilo

Gaur egungo road movie kinkia

‘Hor konpon’ du izena Jone Arriolaren azken film laburrak. Kotxe zahar batean lapurreta txikiak egiten dituzten bi lagunen bitartez krisi existentziala eta aldaketaren beharra landu ditu zuzendari eibartarrak 14 minutuko piezan
Jone Arriola zuzendari gaztearen hirugarren lana da ‘Hor Konpon’.
Jone Arriola zuzendari gaztearen hirugarren lana da ‘Hor Konpon’. / JONE ARRIOLA

Gzteen ikuspuntutik euskarazko istorioak kontatzea du gustuko Jone Arriola Lobete zuzendari gazteak. Bere hirugarren lana da Hor konpon; aurretik estreinatu zituen Dena asmatuta dago film laburra eta Larrugorritan web sailaren lehen kapitulua, nahiz eta azkenean proiektu osoa garatzeko aukerarik izan ez zuen, baliabide faltagatik.

Ikus-entzunezko lanak modu profesionalean aurrera ateratzeko zailtasuna azpimarratu du Arriolak. Hain zuzen, Bande à Part zinema eskolan Zinemagintza Masterra ikasten ari zela garatutako proiektua du Hor konpon. Euskaraz egiteko arazorik ez zioten jarri, eta eskolaren laguntza probestu zuen proiektua garatzeko.

Bi protagonistak gorpuzten dituzten Aiora Enparantzak eta Jone Laspiurrek ere berehala eman zioten baiezkoa eta, hala, Bartzelonan grabatu zuten iazko azaroan. Aurtengo maiatzean eman zuten amaitutzat eta urrian aurkeztu zuten Euskal Zine Bileran, Lekeition. Azaroaren 14an Zinebin erakutsi berri dute, Bertoko Begiradak sailean, eta abenduaren 6an izango da lana ikusteko hurrengo aukera, Durangoko Azokako Irudienean.

Jone Laspiur eta Aiora Enparantza dira film laburraren protagonistak.

Jone Laspiur eta Aiora Enparantza dira film laburraren protagonistak. JONE ARRIOLA

Aldatzearen beharraz Kotxe zahar batean lapurreta txikiak egiten dituzten bi lagunen bidez, denok inoiz izan dugun hutsune existentzial irudipena landu nahi izan du Jone Arriolak Hor konpon-en. Ohikoa da dena izan eta hala ere zerbait gehiagoren beharra sentitzea, aseko gaituen zerbait topatzekoa, zer den jakin gabe zerbait aldatzeko grina. Sentipen hori izan zuen Arriolak Bartzelonara ikastera joan zenean; ustez dena zihoakion ondo, ez zuen arazorik, baina ez zuen ezerk asetzen.

Ideia horretatik tiraka sortu zuen Hor konpon. Rita eta Berta protagonistek uste dute lapurtzeak asetzen dituela, horrek ematen dien adrenalinarekin lotzen baitute. Dena aldatuko da bietako batek beste bide bat hartzea erabakitzen duenean. Biek sumatzen dute aldaketaren beharra, aldatu nahi dutena zer den ez dakiten arren. Azkenean, bilaketa horretan bide desberdinak aurkituko dituzte.

Fikzioa, baina errealitatetik gertu Gazteak identifikatuta sentituko diren lanak egitea gustatzen zaio Jone Arriolari. Fikzioa egiten du, baina beti ahalegintzen da errealitatetik gertu dauden istorioak sortzen. Gordin erakutsi nahi du alegiazko errealitatea, fikzioaren idealizaziotik eta erromantizaziotik aldenduz. Batez ere, gazteen ikuspuntutik egiten du, eta euskaraz: “Hasieratik ikusi nuen hor hutsune bat zegoela, nahiz eta gazteok garen fikzio gehien kontsumitzen dugunak”.

Thelma eta Louisen antza hartuko diegun Bertak eta Ritak zinema kinkia gogoraraziko digun road movie batean eramango gaituzte euren kotxe zaharrean. Zuzendariak berak aitortu du zinema kinkitik edan zuela istorioa sortzeko, pixka bat galduta dauden eta beti biolentziara eta lapurretara jotzen duten periferiako pertsonaiak izan baititu oinarri. Irudi aldetik ere, nahiko kinkia da eszenografia osoa, baina “gaur egungo mundu kinkia izango li-tzatekeena”.

Fikzioa egiten du Arriolak, baina beti saiatzen da errealitatetik gertu dauden istorioak sortzen, gordin erakutsi nahi du errealitatea

Dena asmatuta dago laburmetraiarekin alderatuta, erronka eta aldaketa handiak dakartza Hor konpon-ek. Lehen istorioa oso-osorik gertatzen da etxeko bainuontzi batean, eta bi protagonisten arteko elkarrizketaren bidez kontatzen da. Bigarrenean, aldiz, kanpoaldean grabatzearen ezusteko guztietara egokitu behar izan da zuzendaria, eta elkarrizketei tarte txikiagoa ematen ahalegindu da. Dialogo zale amorratua izanagatik, isiluneak baliatu ditu beste molde batzuetan trebatzeko. Bereziki pozik agertu da aktoreen aktinarekin, hori baita ikusleek gehien azpimarratu diotena: “Horrek asko pozten nau haiengatik eta egin dudan aktore zuzendaritzagatik”.

Aurrera jarraitzeko bultzada Iragan urrian, Hor Konpon aurkeztu zuen jaialdi berean jaso zuen Dena asmatuta dago lanagatiko saria Arriolak. Euskal Zine Bileraren Urrezko antzarrak ezustean harrapatu zuen. Duela urtebete aurkeztu zuen lana Zinebin, eta aurten Lekeitioko jaialdira bidali zuenean ez zuen inondik inora espero saririk jasotzea.

Ezustekoa izan arren, Arriolak aitortu du “oso pozik” jaso duela eta lanean jarraitzeko indarra eman diola. “Proiektu hauek zerotik aurrera eramatea oso zaila izaten da, batez ere hasiberriak garenontzat, eta sari hauek erakusten digute egiteak merezi duela. Segur aski saririk gabe ere jarraituko nuke proiektuak aurrera eramaten, gehien betetzen nauena delako; baina, bat-batean saria jaso-tzeak esperantza eman zidan. Jaso dugun berotasuna, jendearen eran-tzuna, hain izan da polita eta hain eskertuta gaude… bide luzea izan da, baina behintzat denok aho zapore onarekin geratu gara”.

Indarberrituta eta bere bigarren film laburra kalean, istorioak idazten jarraituko duela ziurtatu du zuzendari eta gidoigileak. Ez daki noiz ikusi ahalko duten argia, baina berak ideiak garatzen jarraitzen du, ilusioz. Areago, etorkizunean film luzeren bat egiteko ideia gero eta gertuago ikusten hasi dela aurreratu du.

2024-11-30T10:30:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo