Gipuzkoa

Gau Beltza larunbatean ospatuko dute, Kalabazaren Bidearekin

Urriaren 31n, 19.00etan, kalejira Santa Klara kaletik Agirre Lehendakari Plazaraino abiatuko da
Orereta ikastolako ikasleak Gau Beltza ospatzen / Herri Bizia

Orereta Ikastolak Gau Beltza antolatu du beste urte batez, Errenteriako hainbat eragilerekin elkarlanean. Urriaren 31n, larunbatean, ilunabarrean egingo dute ospakizuna, Kalabazaren Bidearen inguruan. Kalejira 19.00etan abiatuko da Santa Klara kaletik, eta herriko hainbat kale zeharkatu ondoren, ordubete inguruko ibilbidea egingo du Agirre Lehendakariaren plazaraino.

Kalabazaren gurdia, Kuiandere, trikimako gaineko orekariak, dantza eta musika izango dira ibilbideko osagaietako batzuk. Parte-hartzaileek mozorrotuta egingo dute bidea, kriseilu eta lastargien argipean, uzta garaiari agur esan eta neguari ongietorria emateko. Ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da ibilbideko hainbat gunetan eta amaierako plazan ere.

Kalejiraren ondoren, suzko zezenaren jirabirekin, Beldurren Eltzean beldurrak errez eta gaztainak janez emango diote amaiera festari.

Ekitaldia Orereta Ikastolak antolatu du, Koldo Mitxelena herri ikastetxearekin, Koldokide guraso elkartearekin, Lau Haizetara euskaltzaleon topagunearekin, Amulleta danbor kofradiarekin, Herri Arte Eskolarekin, Urdaburu Mendizale Elkartearekin, Xenpelar AEK euskaltegiarekin eta Gaztañoko auzo elkartearekin batera.

Herritarrek parte hartzeko proposamenak

Antolatzaileek herritarrak Gau Beltzan parte hartzera gonbidatu dituzte, eta horretarako hainbat proposamen egin dituzte. Kalabazaren Bidean parte hartzea da horietako bat, ahal dela etxeko trapu eta arropa zaharrekin egindako mozorroak jantzita. Mozorroetarako ideiak eta inspirazio-iturriak Orereta ikastolako webgunean daude eskuragarri.

Beldurrak paper batean idatzi eta amaierako plazan egongo den Izuen Eltzean erretzea ere proposatu dute.

Etxea eta ingurua Gau Beltzaren irudiekin apaintzea da beste aukera bat: kalabazak, kriseiluak eta oihal zuriak erabil daitezke, besteak beste. Era berean, kalabaza pastela etxean egin eta festara eramateko deia egin dute. Tartak zatituta entregatu beharko dira, 18.15etik 19.00etara, Agirre Lehendakariaren plazan. Han banatuko dituzte Kalabazaren Bidea amaitzean jateko. Errezeta hemen dago.

Azkenik, ingurukoak ospakizunera gonbidatzeko eskatu dute antolatzaileek. Gau Beltza herri osorako festa izatea nahi dute, eta, horregatik, parte hartu nahi duten herritar guztiei egin diete gonbita.

29/10/2026