Gasteizko Udalak Frai Frantzisko pasealekuko bi zirkulazio bideen zoladura berrituko du, tokiko gobernu batzordeak ostiral honetan obren lizitazioa onetsi ondoren. Lanek 182.762 euroko aurrekontua dute, eta lau hilabeteko egikaritze epea. Jarduketari esker, gaur egun bi bideek dituzten eta ibilgailuen eta bizikleten zirkulazioa zailtzen duten luzetarako hondoratzeak konpondu ahal izango dira.
Batez ere bizitegi ingurunea da, baina jarduera garrantzitsua ere badu, bi ikastetxe, adinekoen egoitza bat, bi museo eta hainbat egoitza instituzional eta pribatu daudelako. "Frai Frantzisko Gasteizko pasealeku ezagun eta berezienetako bat da, eta merezi duen bezala zaindu nahi dugu. Zoladurak esku hartzea eskatzen duten arazoak ditu, eta aprobetxatu egingo dugu sakon jarduteko, bideak hobetzeko eta zirkulazio baldintza onak berreskuratzeko", azaldu du Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.
Lanek 2.603 metro koadroko azalera hartuko dute. Esku hartzearen hasieran, egungo zoladurako piezak altxatuko dira, eta modu ordenatuan kendu eta biltegiratuko dira, berriro erabili ahal izateko. Ondoren, beharrezko indusketak eta betelanak egingo dira, eta hormigoizko zolata berri bat egingo da, piezak berriro kokatzeko. Jarduketa osatzeko, bide seinale horizontalak eta balizajea jarriko dira.
"Ez dugu Frai Frantziskco pasealekuaren irudia aldatu nahi, haren egoera hobetu baizik. Bideen oinarria berrituko dugu, eta egungo piezak berrerabiliko ditugu, gure hirian nortasun handia duen pasealeku horren estetika kontserbatzeko", adierazi du Artolazabalek.
Gasteizko Udalak 2025ean Frai Frantzisko pasealekuko zirkulazioa baimendutako ibilgailuei erregulatu eta mugatu ondoren planteatu da esku hartzea. Proiektuaren arabera, behin neurri hori hartuta, komeni da orain zoladura berria jartzea, bideen zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko.
"Iaz trafikoa antolatu genuen, eta orain jarduketa horri jarraipena emango diogu, zoladuraren egoera hobetuz. Urrats horiei esker, hobeto zainduko dugu bereziki sentsiblea den ingurunea, eta erosoago bihurtuko dugu han bizi direnentzat eta egunero erabiltzen duten pertsona guztientzat", gaineratu du zinegotziak.
Obrak egiteko epea lau hilabetekoa izango da, eta pixkanaka egingo dira tarte osoen arabera. Horietako bakoitzean zoladura altxatuko da, behar diren lanak egingo dira oinarrian, eta ondoren piezak berriz jarriko dira. Tarte bakoitzean lanak egiten dituzten bitartean, ibilgailuen trafikoa murriztu beharko da behin-behinean.