Gasteizko Udalak Luis Elejalde-Rogelia de Álvaro ikastetxearen ondoan eskola ingurune segurua sortzeko obrak hasiko ditu gaur, Nirakagua kalean, 230.000 euro inguruko inbertsioarekin eta hiru hilabeteko epearekin. Balgorza enpresak egingo ditu lanak, eta egun trafikorako eta aparkatzeko erabiltzen den eta irteerarik ez duen kale hori oinezkoentzako espazio seguruago eta irisgarriago bihurtuko da ikasle, familia eta bizilagunentzat.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, aparkalekuak eta ibilgailuen zirkulazioa kenduko dira, eta Arriagako Kofradiatik bi sarbide mantenduko dira bertako garajeei zerbitzua emateko. Ikastetxearen aurrean eremu zabal eta garbia sortuko da, zuhaitz, banku, jolas elementu eta koloretako forma geometrikoen zoladura berriekin. Irisgarritasuna ere hobetuko da, malda leuneko arrapalen bidez.
Joan den ostiralean, Miren Fernández de Landa Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzia ikastetxeko arduradunekin bildu zen, proiektua aurkezteko eta jarduketaren xehetasunak eta obretarako aurrez ikusitako garapena azaltzeko.
Fernandez de Landak nabarmendu duenez, "ikastetxeetako sarrerak eta irteerak une seguruagoak eta lasaiagoak izatea nahi dugu, haurrek espazio hori autoekin partekatu behar izan gabe. Nikaragua kalean, gaur egun batez ere aparkatzeko erabiltzen den kalea berreskuratuko dugu, familiek elkartzeko eta ikasleek segurtasun handiagoz mugitzeko aukera izango duten gune bihurtzeko".
Obrak garajeetarako sarbide berriak egokituz hasiko dira. Lehen fasean, kalearen amaieran dauden plazak bakarrik kenduko dira, eta, pasabide berriak gaitu ondoren, gainerako aparkalekuak. Enpresa esleipendunak informazio kartelak jarriko ditu atari, lokal eta garajeetan, bizilagunei aurreikusitako afekzioen berri emateko.
Esku hartzea eskola ingurune seguruen udal estrategiaren parte da. Duela aste batzuk, Gasteizko ikastetxeetan gauzatutako 29 jarduerak biltzen dituen gida aurkeztu zuen Udalak. "Ikastetxe bakoitzak bere beharrak ditu, eta, horregatik, esku hartzeak desberdinak dira. Orain gutxi aurkeztu dugun gidaren bidez, egindako lana eta aurrez ikusitako jarduerak ezagutarazi nahi ditugu, baina, era berean, hezkuntza komunitateak beren inguruneak hobetzen inplikatzen jarraitu nahi dugu", gaineratu du zinegotziak.