Actualizado hace 5 minutos
Gasteizko Udalak asfaltatze plan berria jarriko du abian 2026. eta 2027. urteetan, 1,6 milioi euroko inbertsioarekin, zoruaren egoeragatik eta erabilera mailagatik esku hartzeko beharrak detektatu diren hiriko hainbat gunetan jarduteko. Zehazkiago, kontratuak 800.000 euroko inbertsioa aurreikusi du 2026an, eta beste 800.000 euro konprometitu ditu 2027rako, Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak iragarri duenez.
Zenbateko horiei esker, Honduras, Ama Vedruna eta Heraclio Fournier kaleetan (azken horren kasuan, bereziki azken tartean), Alibarran eta Frantzian (azken horren kasuan, bidegorriaren higadura handia da) egingo dituzte jarduketak.
Gainera, lanak egingo dituzte Gamarrako Ateko kalean eta biribilgunean, Olagibelen, Herrandarren kalearen eta Judimendiren artean, Izardui Komandantearen tarte batean eta Ramon Rubial kaleko aparkalekuetan, Arabako Unibertsitate Ospitalearen ondoan, eta Jacinto Venaventeko aparkalekuetan.
Beatriz Artolazabalek nabarmendu du planak lehentasun argia duela: "Asfaltatzea ez da mantentze lanak bakarrik, segurtasuna, erosotasuna eta bizi kalitatea ere bada. Benetan behar den lekuan lanean ari gara, hau da, erabilera gehien duten kale eta espazioetan, eta narriadura agerikoa den lekuetan".
Gaineratu du jardueren zerrenda ez dagoela itxita, enpresa esleipendunek kontratuan egin ditzaketen hobekuntzak biltzen baititu. "Aurrekontu berarekin, ahalik eta azalera handienean jardutea eskatuko dugu. Horrek aukera emango digu kale gehiagotara iristeko, kostua handitu gabe", azaldu du.
Udalak dagoeneko identifikatuta ditu beste lehentasunezko jarduera batzuk, eta ekonomikoki bideragarriak izan bezain pronto ekingo zaie, ala nola Betoñuko Atean eta Zurbanoko Atean. Hiriko bi ardatz estrategiko horien berrikuntza integralak 2,7 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko luke, baina, Artolazabalak esan duenez, "gaur egun ez dugu marjina hori, baina argi ditugu diagnostikoa eta lehentasuna. Eta hori kudeatzea ere bada: planifikatzea, aurrea hartzea eta ahal denean jarduteko prest egotea".
Aurkeztutako plana legegintzaldian zehar jarraitua izan den lan ildoaren barruan kokatzen da. Horren baitan, Gasteizko Udalak urtero egin ditu asfaltatze lanak.