Araba

Gasteizko Gazte Arte lehiaketak lau emakumeren proposamenak saritu ditu bosgarren edizioan

Gasteizko Udalak antolatutako Gazte Arte lehiaketaren bosgarren edizioak lau artista gazteren proposamenak saritu ditu
Gasteizko Gazte Arte lehiaketak lau emakumeren proposamenak saritu ditu bosgarren edizioan.
Gasteizko Gazte Arte lehiaketak lau emakumeren proposamenak saritu ditu bosgarren edizioan. / Utzitakoa

Gasteizko Udalak antolatutako Gazte Arte lehiaketaren bosgarren edizioak lau artista gazteren proposamenak saritu ditu: 25 urteko Mireya Jimenez Perez 'Lugares por dentro' (argazkia, ehungintza eta espazioa), 20 urteko Iratxe Arrilucea Apraizen 'Pisukideak' (komikia), 18 urteko Uma Fernandez de Larrea Mondejarren 'Barrukoa kanpoan askotan ikusezin' (eskultura, argazkia eta collagea) eta 19 urteko Irache del Cabo Oteizaren 'Umbral Onírico' (pintura, mosaikoa eta eskultura).

Aurten zortzi proposamen artistiko aurkeztu dira guztira Gazte Arte deialdira, horietako sei 14 eta 19 urte bitarteko gazteei zuzendutako kategorian, eta gainerako biak 20 eta 25 urte bitartekoen kategorian, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Gazteria eta Kultura Udal Zerbitzuetako teknikari banak eta Alba Tojo eta Mel Arranza artista gazteek osatu dute epaimahaia, eta aurkeztutako lanen kalitate artistikoa eta teknikoa, publikoarekiko interakzioa, materialarekiko sentikortasuna eta tailer ireki batean egiteko aukera nabarmendu ditu.

Horrela, besteak beste, Alba Tojo, Mel Arranz eta Ani Chkhartishvili izen handiko artisten tutoretzapeko sormen prozesuan parte hartuko dute irabazleek; hain zuzen ere, azken horrek irabazi zuen Gazte Arteren 2023ko edizioa eta alboko tutore gisa jardungo du.

Obrak jendearentzat irekitako tailerrean egingo dira, 2027ko urtarrilaren 2tik 8ra, Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian, eta horrela, herritarrek zuzenean ezagutu ahal izango dute proposamen artistikoak sortzeko prozesua. Lanak amaitu ondoren, 2027ko urtarrilaren 28tik otsailaren 28ra egongo dira ikusgai Montehermosoko Jovellanos aretoan, lau artista gazteen lanak ezagutzeko aukera emango duen erakusketa kolektiboan.

Sorkuntza artistikoko esperientzia honetan eta erakusketa kolektiboan parte hartzeko aukeraz gain, saridun bakoitzak 300 euroko opari kupoia jasoko du, eta beste 100 euro bere obra egiteko materialak erosteko erabiliko dira. Halaber, lan irabazleak eta sortzaileen ibilbidea bilduko dituen katalogoa argitaratuko da. Proposamenak formatu birtualean ere bisitatu ahal izango dira, Gasteizko Udalaren webgunearen bidez.

KALITATEA ETA PARTE HARTZEA

Ana Lopez de Uralde Gazteriako zinegotziak "aurkeztutako obren kalitatea eta 20 urtetik beherako gazteen parte hartze handia" nabarmendu ditu, guztizkoaren %75 izan baita. "Datu horrek gazteek sorkuntza artistikoarekin duten interesa eta inplikazioa islatzen du, bai eta Gazte Arte gisa dituzten aukerak aprobetxatzeko duten gogoa ere, horrek aukera ematen baitie beren talentua garatzeko, esperimentatzeko eta proiektuei forma emateko, ospe handiko artisten eskutik", azaldu du.

Era berean, Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak esan duenez, "Kulturan tokiko talentua bultzatzea dugu helburu, eta hala jasotzen dugu gure Plan Estrategikoan. Gazte Arte bezalako programak plataforma ezin hobea dira horretarako, lanak saritzeaz gain, artistei sorkuntza prozesuan laguntzen dielako, Gasteizko kultura-bizitzaren etorkizuna diren gazte horien prestakuntzan eta garapenean lagunduz".

2026-11-11T14:06:15+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo